Lidertzari eusten, puntu bat gehiagorekin

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 12:09
Denboraldi bikaina egiten ari da Eguzki Aldaz Hortz Klinika. Argazkia: Txema Valles.

Bana berdindu du Gipuzkoako 1. mailan lehian ari den Eguzki Aldaz Hortz Klinikak: Egintza KErekin neurtu ditu indarrak, ligako laugarren sailkatuarekin. Hurbildu egin zaizkie arerioak herritarrei, baina, hala ere, lider izaten jarraitzen dute. 

Ez da jardunaldirik oparoena izan Eguzki Areto Futbola klubeko talde federatuentzat, baina dena ez da beltz kolorekoa: Gipuzkoako 1. mailan lehian ari den Eguzki Aldaz Hortz Klinikak lidertzan jarraitzen du, 30 punturekin. Maialen Chourraut kiroldegian neurtu zituen indarrak Egintza KErekin, laugarren sailkatuarekin. Bana berdindu zuten, partida oso orekatu batean. Unai Ituartek sartu zuen 1-0ekoa, baina etxeko taldeak ezin izan zion abantaila horri eutsi, eta banakoa sartzea lortu zuten villabonatarrek. Emaitza horren ondorioz, estutu egin da sailkapenaren goialdea, irabazi egin baitute Oiartzun KEk eta Lauburu Berazubik, bigarren eta hirugarren sailkatuek, hain zuzen –29 eta 28 puntu dituzte, hurrenez hurren–.

Gainontzeko talde federatuetatik,  jubenil mailako Eguzki Balerdi Harategiak soilik lortu du punturen bat urratzea. Lehen taldeak egin bezala, banako emaitza erdietsi zuen, etxetik kanpo, Zarautzen aurkako neurketan. Asteburukoarekin, zortzi puntu bildu ditu orain arte. Kategoria horretako beste taldeak, Eguzki 2KNek, 2-6 galdu zuen Erainen kontra, eta bosgarren postuan jarraitzen du, 24 punturekin. Gipuzkoako 2. mailan, ISU Leihoakek ezin izan zuen emaitza onik ekarri Errenteriatik: 3-2 galdu zuen Ostiko Sindikatoren aurka. Senior mailako Garoa Tabernarentzat ere, porrota: 0-4 Eskoriatzaren aurka, kiroldegian.

Herriko txapelketa, martxan 

Bederatzi talde ari dira lehian aurtengo herriko areto-futbol txapelketan: Trumoi, Goiko, Avenida, Patricio, Garoa, Viña del Mar, Asador Irigoien, Buenetxea eta Insausti. Lau jardunaldi jokatu dituzte honezkero, Michelingo kirol gunean. Buenetxea, Patricio eta Insausti berdinduta daude, zazpina punturekin.
Azken jardunaldiko emaitzak: Viña del Mar 1-9 Buenetxea; Patricio 5-2 Trumoi; Insausti 4-1 Avenida; eta Asador Irigoien 5-4 Garoa Taberna. Bar Goikok atseden hartu zuen. Bosgarren jardunaldiko partidak larunbat honetan jokatuko dituzte, hilak 25, 15:15etik aurrera. Trumoik atseden hartuko du.