Autobus zerbitzuen lizitazio berriarekin Lasarte-Oria "lasai" egon daitekeela dio EAJk

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 12:00

Lasarte-Oriako EAJ udal taldeak Lurraldebus zerbitzuan murrizketarik egongo ez dela jakitera eman du eta aldaketen berri eman du. Mugikortasun Udal plana martxan jartzeko eskaera ere egin dio Agustin Valdivia alkate berriari alderdi jeltzaleak

Buruntzaldeako herri arteko garraio zerbitzuaren esleipenaren berri izan du Lasarte-Oriako EAJ udal taldeak, eta lizitazio berriarekin lasarteoriatarrak lasai egon daitezkeela jakitera eman du Jon Antxordoki alderdiko bozeramaileak.

Antxordokik azaldu duenez "Tolosa-Donostia linea, Andoain eta Lasarte-Oriatik igarotzen dena, egunean 162 zerbitzu izatetik 173 zerbitzu izatera pasako da; Lasarte-Oriatik Donostiara doan lineak 46 zerbitzu berri izango ditu eta, batez ere, asteburuetan ospitaleetara joateko autobus zuzena izango dugu, 46 zerbitzurekin."

Era berean, gogor egin du esleipen berriak murrizketak ekarriko zituela adierazi zuten alderdi, plataforma eta gizarte eragileen aurka. "Ez zen egia Lasarte-Orian autobusetan murrizketak izango genituela argitaratu zena. Guztiz kontrakoa da. Badakigu inork ez dituela zuzenduko autobus gutxiago aurreikusten zituzten adierazpenak, baina denborak arrazoia kendu die".

Buruntzaldeako herri arteko garraio zerbitzuaren aurreproiektua 2017an aurkeztu zen. Kezka handia sortu zuen eta hainbat mobilizazio egin ziren 2018an horren aurka murrizketak izango zirelako: Ospitaleetako linea %46 Lasarte-Oriatik Donostiara, %25; Amarara, %25; Andoainera, %25; Hernanira, %46; eta Tolosara, %50.

Mugikortasun Udal plana

Bide batez, urriko udabatzarrean Gobernu taldeak Mugikortasun Udal Plan bat egiteko konpromisoa hartu zuela gogorarazi du. EAJk plan hori abiatzeko unea dela uste du, "garraio publikoa sustatzen jarraitu behar baitugu, daukagun bidegorri sarea, eta nola ez, gure mozioan proposatzen genuen oinezkoen eta bizikleten lehentasuna, Tajamarretik Ola Kalera doan "30 zona" probarekin batera". Horregatik, alkate berri Agustin Valdiviari plana martxan jartzea eskatzen dio.