Buruntzaldea IKTko igerilariak distantzia luzeko Euskal Herriko txapelketako lehen postuetan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 23a, 11:15
Nora Imaz distantzia luzeko Euskal Herriko txapelketako podiumean. Arg.: Buruntzaldea IKT

Maialen Chourraut kiroldegian jokatu zen lehiaketan, Nora Imaz Euskadiko txapeldun orde  izan zen eta Nerea Santos laugarren. Gipuzkoako Kluben Kopan, berriz, hainbat txapelketarako gutxieneko markak lortu zituzten igerilariek. Asteburu honetan, Nahia Zudaire Madrilen Gazteen mailako Igeriketa Egokituko Espainiako AXA Txapelketan lehiatuko da

Urtarrilaren 18koa, larunbata lanpetua izan zen Buruntzaldea IKTko lagunentzat, distantzia luzeko Euskal Herriko txapelketa jokatu baitzen etxean, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan. Txapelketa aurrera eramateko gogor lan egin zuten igeriketa taldeko kideek eta uretan ere, horren isla izan zen. Nora Imaz infantil mailako txapeldun ordea izan zen eta Nerea Santos laugarren absolutu eta junior mailan. 
Infantil mailako igerilariek, 2.000 metroko proba egin zuten. Bigarren saioan parte hartu zuen Imazek. "´Gogotsu eta gogor ekin zion probari, erritmo onean igeri eginez eta probaren iraupen osoan zehar erritmoari ondo eutsiz," adierazi du Buruntzaldea IKTko prestatzaile Borja Apeztegiak. Lan honi esker, 25 minutu, 4 segundo eta 94 ehunekotan geratu zuen kronoa bere marka 24 segundoz onduz. 1.500 metroko denbora ere, hobetu  zuen, 15 segundotan.

Nerea Irazu ere izan zen infantil mailako lehian. Tamalez lehiaketa uztea erabaki zuen, proba hasi eta bitan gelditu ostean. 
Nerea Santos, berriz, 3.000 metroko proban parte hartu zuen. 38 minutu, 35 segundo eta 54 ehuneko behar izan zituen distantzia egiteko eta denbora horri esker, laugarren postua eskuratu zuen. Lehen aldia zen lehiaketa batean distantzia honi aurre egiten ziona. "2000 metrokoak eginda zituen aurrez baina 3000 metrokoa egiten zuen lehen aldia zuen eta benetan proba ona egitea lortu zuen. Horren erakusle da 2000 metroko pasean ia bere marka hobetu izana". 

Benjamin eta alebinak

Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekutik Tolosako Usabal kiroldegira egin zuten Buruntzaldea IKTko kideek. Bertan benjaminen Test/Ligaren bigarren jardunaldia eta alebinen ligako laugarren jardunaldia jokatu baitzen larunbata arratsaldean.

Benjamin mailan, Buruntzaldea IKTko 27 igerilarik parte hartu zuten. Bizkar eta bular probei aurre egin behar izan zieten gaztetxoek, baita estilo libreko errelebo-lasterketa mistori ere. "Guztiek txukun" egin zuten igerian eta b mailako igerilari ugari lehen postuetan izan zen.

Alebinen kasuan, 14 haur izan ziren lehian eta 200 m. lau estilo eta 100 m. bizkar probetan parte hartu zuten. Pozik agertu da Apeztegia egindako lanarekin, "guztiek hobekuntzak egitea lortu zuten".

Errelebo-lasterketa ere izan zen maila honetan. Taldeko neskek parte hartu zuten soilik eta laugarren eta bosgarren izan ziren Buruntzaldea IKTko taldeak.

Gipuzkoako Kluben kopa

Ez dira horiek bi aste hauetan izan dituzten lehiaketa bakarrak izan. Urtarrilaren 11 eta 12an,  Gipuzkoako Kluben Kopako A mailan lehiatu ziren Buruntzaldea IKTko kideak. "Guretzat zirraragarrien den txapelketa" 

Taldeak ez zuen garaikurrik lortu. Sailkapen orokorrean seigarren izan zen herriko taldea; neskek zazpigarren amaitu zuten eta mutilek, zortzigarren. 

Hala ere, "mila bikaina eman zuten igerilariek" eta horren erakusle lortutako emaitzak dira. Nora Imazek 400 m. libre probako Neguko, zein Udako Espainiako infantil txapelketarako gutxieneko marka egin zuen; Euskal Herriko txapelketarako txartela eskuratu zuen Eneko Elizasuk 400 m. eta 1500 m. probetan; Aimar Sukunzak, berriz, Gipuzkoako Neguko txapelketako 400 m. probako marka egin zuen eta guztira 47 marka pertsonal ondu zituzten igerilariek.

AXA saria

Asteburu honetan, Buruntzaldea IKTko igerilari gehienek atseden hartzeko aukera izango dute, Nahia Zudairek izan ezik,. Gazteen mailako Igeriketa Egokituko Espainiako AXA Txapelketan lehiatuko da Euskadiko selekzioarekin, Madrilen.

Zudairek lau probatan parte hartuko du: 400 m. eta 100 m. libreak, 100 m. tximeleta eta 200 m. lau estiloak. Oraindik zehazteke dago errelebo-lasterketan ere izango den.