Estitxu Elduaien batzarkidearekin solasean

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 22a, 16:01

Hainbat gairi buruz hausnatu dute Antonio Mercero aretora gerturatu diren herritarrek, Lasarte-Oriako EH Bilduk antolatutako batzar irekian. Estitxu Elduaien Gipuzkoako batzarkidea gonbidatu dute solasaldira.

Hainbat gai jarri ditu mahai gainean Lasarte-Oriako EH Bilduk asteon, herritarrekin batera hausnartzeko: egungo testuinguru politikoa; zein toki betetzen duen EH Bilduk bertan; Espainiar estatuarekiko harreman; eta EAEko hauteskundeak, besteak beste. Gipuzkoako batzarkide Estitxu Elduaien gonbidatu dute saiora; EH Bilduk batzar nagusietan duen ordezkarietako bat da azpeitiarra. Kazetari gisa aritu zen urte luzez, eta zinegotzi sartu zen gero, Azpeitiako Udalean, aurreko legealdian.

Astearte arratsaldeko saioaren dinamika honakoa izan zen: arestian aipatutako gaiez luze eta zabal aritu zen Elduaien, EH Bildu alderdiak egindako irakurketak transmitituz, baina, tartean, Antonio Mercero aretora joan ziren herritarren iritziak eta ekarpenak entzunez. Moderatzaile lanak Leire Elizegi herritarrak egin zituen.

Egungo testuinguru politikoa errepasatuz ekin zioten batzarrari. Espainiar estatuan eratu berri den koalizio gobernuari buruz, adierazi zuen aldaketa batzuk egiteko promesa egin dutela, baina horiek ez direla egiturazkoak izango. "Gobernu hori zelofana kentzen hasten denean, ikusiko da Espainiako establishmentaren alde egingo dutela; Euskal Herri burujabe eta demokratiko baten alde egiteko beharra agerian geratuko da".

Horri lotuta, Elduaienek adierazi zuen "hautsi" egin behar dela "ezkerreko nazio subiranistek" Espainiar estatuarekiko duten menpekotasun harremana. "Fase autonomista behingoz gainditu beharrean gaude; hurrengo hitzordu elektoralak eta gure oinarriaren lana helburu horren zerbitzura jartzera goaz".