Urrezko Danborra, Realeko futbolari eta hockey jokalarientzat

Realeko futbol eta hockey taldeek jaso dute aurtengo Urrezko Danborra. Argazkia: Real Sociedad.

Realeko futbol eta hockey taldeek jaso dute Urrezko Danborra gaur eguerdian, Donostiako udaletxean. Iaz egindako denboraldi bikainak saritu dituzte donostiarrek. Iraia Iparragirre herritarra da futbol taldeko jokalarietako bat.

Realeko futbol eta hockey jokalariek aitortza jaso dute gaur eguerdian, Donostiako udaletxean, San Sebastian egunean: Urrezko Danborra. Donostiarrek bi taldeen denboraldi apartak saritu dituzte: Erreginaren Kopa irabazi eta Europako Kopan txapeldunorde izan ziren iaz, hurrenez hurren. Nahikari Garcia futbolariak eta Nereba Berzulegi hockey jokalariak jaso dute Urrezko Danborra, Donostiako alkate Eneko Goiak emanda. Ekitaldian izan da baita ere Jokin Aperribay Realeko presidentea.

Iraia Iparragirre lasarteoriatarra da futbol taldeko jokalarietako bat. Bost denboraldi daramatza Zubietan. Erreginaren Kopako finalean hasieratik aritu zen, ezker hegaleko defentsa lanak eginez. Aurten minutu asko ari da jokatzen eskuin hegalean.

Superkopan, Levanteren aurka

Joan den astean jakin zuten Realeko jokalariek norekin neurtuko dituzten indarrak Espainiako Superkopako finalerdietan: Levanteren aurka jokatuko dute txuri-urdinek otsailaren 5ean, asteazkenarekin, Salamancan (Gaztela eta Leon). Bartzelonak eta Atletico Madrilek jokatuko dute beste kanporaketa, egun bat beranduago. Final handia, berriz, otsailaren 9an jokatuko dute sailkatzen direnek, igandez.

Joan den asteburuan jokatu zuten elkarren aurka Levantek eta Realak, Valentzian (Valentziako Erkidegoa). Etxeko taldea nagusitu zen, 3-0. 90 minutuak jokatu zituen Iraia Iparragirrek.