DANBORRADAK IKASTETXEETAN

Astelehenerako motorrak berotu dituzte danborra joaz

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 17a, 18:03

Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko gaztetxoen danbor hotsak izan dira nagusi ostiral arratsaldean. Eguraldiak eutsi dio, eta giro ederrean ospatu dute San Sebastianen omenezko festa

Giro ederrean jo dute danborra ikastetxeetako gaztetxoek. Entseatzen aritu dira egunotan, gogotsu, eta trebezia handia erakutsi dute senide eta lagunen aurrean egindako erakustaldian. Eguraldi txarrak mehatxu egin arren, euririk egin gabe eutsi dio, eta ezin hobeto pasa dute danbor artean. 

Sasoeta-Zumaburu ikastetxeko Haur Hezkuntzako ikasleak izan dira danborra jotzen lehenak; hiruretan hasi dira. Musika jarri, danborrak gerrian lotu eta txanoak soinean jantzita jo dituzte ospakizun honetako doinu ezagunak: Donostiako Martxa, Iriyarena, Realaren ereserkia, eta Tatiago jo dituzte, besteak beste. 

Zertxobait beranduago hasi dira Lehen Hezkuntzako gaztetxoak, baina jarritako ordutik minutu bat ere atzeratu gabe. 15:45erako entzun zitezkeen bozgorailutik musika, eta baita ikasleen danbor hotsak ere. Euririk egin ez duenez, kanpoko patioan egin dute danborrada. Adi-adi jarraitu dituzte ikustera gerturatu diren senide eta lagunak. 

Garaikoetxea-Landaberriko danbor jotzaileak patio estalian jo dute. Hauen senide eta lagunek ere ez dute hutsik egin, eta erakustaldia ikustera gerturatu dira. Jolastokia ixten zuen zintatik edo maldako belargunetik begira aritu dira. Asko sakelakoa eskuan bideoak eta argazkiak egiten aritu dira saioan.  

Zubietako danbor hotsek ere bat egin dute erdiguneko ikasleen danbor saioekin. Landaberriko Lehen Hezkuntzako gazteak anfiteatroan egin dute erakustaldia. Hauek ere Sarriegiren doinuekin gogoz astindu dituzte danborrak. 

Josu Garmendia irakasleari omenaldia

Bereziki hunkigarria izan da Landaberri LHkoen danborrada. Jubilatzear da Josu Garmendia irakaslea: 44 urtez aritu da ikastetxean lanean; horietatik hamazazpi, zuzendari gisa. Ezustean harrapatu du aitortza xume horrek irakasle zizurkildarra; hunkituta jaso ditu bere lankideek prestatu dizkioten sorpresatxoak. Donostiako martxa eskaini diote lehenengo, ikasle eta irakasleek. Ondoren, Landaberriko Guraso Elkarteko lehenengo lehendakari izandako Rafa Muga jaitsi da anfiteatrora, Garmendiari urteotan guztiotan egindako lana eskertzera. 

Ez dira hor bukatu ezustekoak. Hurrengo oparia oso sinbolikoa izan da: Andoni Iparragirre txistularia eta alaba Garazi, dantzaria, irten dira anfiteatrora. Garmendiaren ikasleak izan dira biak. Agurra eskaini diote. Txalo-zaparrada Landaberrin. Bukatzeko, irakasle taldeak pare bat landare oparitu dizkio laster lankide ohia izango denari. "Denbora libre asko edukiko duzu hemendik aurrera, Josu".

 

Erlazionatuak

Landaberri LHkoen emanaldia

Txintxarri Aldizkaria 2020 urt 17 Kultura