Bi dokumental eta antzezlan bat, bizikidetzari hauspo emateko

Maddi Zaldua 2020ko urt. 16a, 17:56

Hiru jarduera egin dituzte egunotan bizikidetza lantzeko. Asteleheneko 'Reconciliación' dokumentalak ireki du aurtengo jardunaldia. 'Biziminak' antzezlana ikusteko aukera izan dute asteazkeneko egitasmoan parte hartu dutenek. Azkeneko ekintza ere dokumental bat izan da: 'El valor de la autocrítica'

Reconciliación dokumentalak ireki du aurtengo bizikidetza jardunaldien egitaraua. Astearte iluntzean eskaini zuten ikus-entzunezkoa Mercero gunean. Juan Maria Uriarte gotzain emerituak idatzitako liburua oinarri hartuta sortu du Fermin Aiok lana, eta ETAren, GALen eta poliziaren gehiegikerien biktima izan diren hamar biktimen zuzeneko testigantzak erakusten ditu dokumentalak. Horien artean agertzen da Josu Elespe. Bere aita, Froilan Elespe, Lasarte-Oriako Udalean PSE-EEko zinegotzi zela, ETAk hil zuen 2001. urtean. Bere testigantzekin batera, Sara Buesa (Fernando Buesaren alaba), Andoitz Korta (Joxemari Kortaren semea), Pili Zabala (Joxi Zabalaren arreba), Iñaki Garcia Arrizabalaga (Manuel Garciaren semea), Ines Nuñez (Francisco Javier Nuñezen alaba), Leire Goikoetxea (Joseba Goikoetxearen alaba) eta Jon Doral (Montxo Doralen semea) agertzen dira hizketan. Bizikidetzaz eta adiskidetzeaz bakoitzaren ikuspuntua agertzen du ikus-entzunezkoak.

Dokumentala amaitu ostean, gogoetak elkarbanatzeko tarte bat zabaldu dute. Isiltasuna izan da nagusi lehen minutuetan, baina ausartu dira bertaratuko batzuk euren gogoetak plazaratzera.  Biktimen eskuzabaltasuna azpimarratu du ikus-entzule batek, eta Lasarte-Oriako Bizikidetza Taldeko bizipenak ekarri ditu gogora beste batek. Azken boladan, herriko biktimekin ari dira lanketa egiten, eta "oso emankorra" izaten ari dela nabarmendu dute.

Asteazkenean, antzerkia
Biziminak antzezlana eskaini du Itzel konpainiak, asteazken iluntzean. Gatazka armatuaren testigantzak bilduta osatu dute antzezlana, eta zuzeneko musikarekin eta pinturarekin uztartzen dute antzerkia. Itziar Elias aktore azkoitiarrak, aspaldi sentitzen zuen barruan zeraman gaia kanporatzeko beharra, eta 2016. urtean, Jon Maia bertsolariaren Kanta bat gara poema entzuterakoan hasi zuen prozesua. Hortik sortu du antzezlana eta Maddi eta Dani Irazoki anai-arrebekin batera lantzen du oholtza gainean.  

Gatazkaren biktima izan diren hiru pertsonen testigantzak azaleratzen ditu audio bidez; motxiladun haur bat, ETAren biktima bat eta ETAko preso ohi baten bizipenen berri ematen dio obrak ikus-entzuleari.

Gaur izango da azken hitzordua; dokumental bat eskainiko dute 19:00etan, Mercero gunean: El valor de la autocrítica. Iraganaren irakurketa kritikoa egiten duten pertsonen lekukotzak erakusten ditu. ETAko, KAS Koordinadora Abertzale Sozialistako, Italiako Brigada Gorrietako eta Ipar Irlandako IRA eta UVF unionistako kide ohiak agertzen dira dokumentalean.