Lanuzteak egiten hasi dira Michelin Lasarteko langileak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 13:05
Hitzarmen duin bat sinatze aldera, lanuzteak egiten hasi dira Michelin Lasarteko langileak. Argazkia: LAB Michelin Lasarte.

Orain arteko bi lanuzteak "oso arrakastatsuak" izan dira, eta gehiago aurreikusi dituzte urtarrilerako eta otsailerako.

Urtarrilaren 8an egin zuten ordubeteko lehen lanuztea Michelin Lasarteko langileek. Horren ostean, asteazken honetan utzi dute, berriro ere, bere lan jarduna ordubetez, eta lantegi atarian bildu dira hitzarmen "on" bat exijitzeko. 

Michelingo zuzendaritzak negoziazio mahaian egindako eskaintza "bidegabe eta merezigabearen" ondorioz hartu dute lanuzteak egiteko erabakia.
Jakinarazi dute, 2015-2018 aldian, 200 milioi euro inguruko etekin konstanteak lortu zituela enpresak, urtero 860 milioi baino gehiago aldi osoan. Horri gehitu diote, 2018an egindako ekoizpena eskuragarri dagoen ahalmen osoaren %90a izan zela, hortaz, instalazioak "okupazio ona duela".

Enpresarengandik jasotako azken eskaintza hau izan da: %2,5eko soldata igoera lau urtetan berrikusi gabe; zortzi orduko gehikuntza bost ekipoko lan- sisteman (gainerako sistemek ez dute igoerarik izan); eta eragin txikia duten arazo zehatzetan aurrerapen xumeak. 

Datozen egunetarako lanuzteak

Urtarrilaren 22an eta 29an, berriro ere ordubeteko lanuzteak egingo dituztela iragarri dute. Horrekin batera, otsailaren 5ean eta 19an ere irtengo dira kalera, eta zortzi orduko lanuzteak egingo dituzte bi egun horietan.