Pagola, laugarren Espainiako txapelketan

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 16a, 12:30
Manex Pagola defentsa lanetan, txapelketako partida batean. Arg.: FEDDF.

Euskadiko selekzioa dominetatik kanpo geratu da Madrilen jokatu den eskola arteko gurpildun aulkiko Espainiako txapelketan. Bertan izan da lehian Manex Pagola Ostadar Inklusioa ataleko gaztea. Madrilgo taldearen aurka egin zuen bere partidarik onena

Ostadar Inklusioa ataleko Manex Pagola gazteak eskola arteko gurpildun aulkiko Espainiako txapelketa jokatu zuen, urtarrilaren 10etik 12ra, Villanueva de la Cañadan (Madril). 

Pagolak eta bere kideek Andaluzia izan zuten lehen aurkari. Erraz aurre egin zioten eta 41-12 irabazi zuten. Madril eta Kataluniaren aurkako partidak bestelakoak izan ziren, ordea. Lurralde horietako taldeek txapelketako finalean egotea zuten helburu eta argi utzi zuten Euskadiren aurka jokatutako partidetan. Hasieratik markagailuan aurre hartu zuten eta ez zioten Euskadiri aukerarik eman. Azpimarratzekoa da, Madrilen aurkako partidan Pagola jokalari onenetarikoa izan zela, 6 puntu eta 6 errebote jaso zituen.

Markagailu horiei esker, hirugarren postua jokatzeko sailkatu zen Euskadi. Aurrez aurre Aragoi izan zuen. Partida borrokatua azken minutuan erabaki zen. Euskadik berdinketa lortzeko aukera izan zuen, 26-24, baina baloia ez zen saskian sartu.