Ostadar SKTko kadete taldeak Euskal Ligan jokatuko du

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 15a, 13:00
Kadete errendimenduko jokalariak Goierri Oxylor taldearen aurkako finalean. Argazkiak: Ostadar Saskibaloia

Ametsa egia bihurtu da Ostadar SKTko kadete errendimendu taldearentzat. Ostadar SKTko Kadete Errendimendu taldeak lauko finalean Euskal Ligarako txartela lortu du. Goierri Oxylor taldearekin batera mailaz igoko da. Dagokion multzoa erabakitzeko Arabako eta Bizkaiko taldeen aurka lauko final bat jokatu beharko du

Otsailetik aurrera Euskal Ligan lehiatuko da Ostadar SKTko kadete errendimendu taldea. Lehengo asteburuan, urtarrilaren 11n eta 12an, kadete mailako lauko finalean lortu zuen maila igoera Jonatan Reinoren taldeak, finalera sailkatu ostean. 

Hirugarren postuan amaitu zuen Ostadar SKTren kadete errendimendu taldeak fase erregularreko lehen itzulia eta Goierri Oxynor, BKL Esparru eta Easo Lorea Gourmet taldeekin batera Lauko finala jokatu zuen, Urretxuko Aldiri kiroldegian.

Ezustekoan sailkatu zen kadete talde lauko final honetarako. "Ikasteko eta taldea garatzeko  denboraldia aurreikusten genuen. Gure helburua maila mantentzea zen. Baina egoerek gure alde egin eta Euskal Ligarako atea ireki zen", azaldu du Jonatan Reino entrenatzaileak.

Horregatik, Urretxun jokatutako lehiaketa ospakizun bat da kadete taldearentzat. "Guk ere ez genuen bertan egotea espero. Gure helburua, beraz, ondo baino hobeto betea genuen".

Lauko finala taldearentzat esperientzia berria izan dela azpimarratu du. "Dena zen berria: Euskal Ligako arauak, taldeen aurkezpena edo jendez betetako harmaila". 

Eta txapelketan taldeak izandako babesa ere aipatu du. "Goierri, etxeko taldeko jarraitzaileez gain, Lasarte-Oriatik autobus bat joan zen larunbatean eta harmaila bandera urdin-beltzez bete zen".

Igoera lortu

Easo Lorea Gourmeten aurka jokatu zuen finalaurrekoa Lasarte-Oriako taldeak. Partida hasi baino lehen minutuko isilunea izan zen Easo taldeko kide baten senitarteko baten heriotza zela eta.

Jokalarien urduritasunaren beldur, "ligan partida batzuk galdu genituen horregatik"; Reinok azken bi asteetan kadeteekin lan zorrotza egin zuen arlo horretan eta neskek harritu zutela onartu du. "Adore eta motibazio handiarekin atera ziren jokatzera. Eta hasierako gure aldeko 0-10ak partida irabaztera atera zirela erakutsi zuen".

Lehen, bigarren eta hirugarren laurdenetan nagusi izan zen Ostadar SKT. "Guztia ongi ateratzen zitzaien jokalariei, baina ezin ginen fio. Ligan azken laurdenean 14tik galtzen zihoala buelta eman zion Easok partidari". 

Zorionez jokalariek ongi erantzun zuten eta 0-8 partzialarekin partida erabaki zuten. Aurreikuspen guztien aurka sailkatutako taldeak faboritoetako bat garaitu zuen, 32-58. Euskal Ligarako txartela ere bazuten eskuan.

Ostadar SKT eta Goierri Oxylor taldeko jokalariak finala hasi baino lehen.

Goierriren aurka jokatuko zuten finala eta etxeko taldeak ez zuen Ligako porrota berriro jasan nahi finalean. Ostadar SKTk ere garaipena zuen buruan. Bi taldeak ongi jokatuz defentsa igarotzen zuten eta lehen laurdena 17-19 amaitu zen urdin-beltzen alde.

Bigarren zatia, ordea, bestelakoa izan zen. Bi taldeek defentsa indartu eta partida trabatu zen. Asteburuko sentipenek eta bizipenek gain egin zieten Lasarte-Oriako jokalariei eta urduritasuna agertu zen. Hortaz baliatu zen Goierri 13-4ko partziala egin eta Ostadar SKTri finala zailtzeko.

Kadete urdin-beltza partida iraultzen saiatu zen gogoz; Goierri, ordea, tinko mantendu zen. Azken laurdenean, Ostadar SKTko jokalariek ezin izan zuten Goierri eutsi eta etxeko taldeak garaipena erdietsi zuen, 59-45.

"Emaitzak ez du taldeak denboraldian eta lauko finalean egindako lana lausotu. Pozarren jokalariek egindako lanarekin. Nik jaso ditut fruituak, baina jokalarien eta haien garapenean eragin duten entrenatzaileen meritua da lortutakoa," adierazi du pozik Reinok.

Multzoa erabakitzeke

Euskal Ligako denboraldia hasi baino lehen, ordea, Bizkaiko eta Arabako taldeen aurkako lauko final bat jokatu beharko du Ostadar SKTk. Bilbon lehiatuko da, urtarrilaren 25ean eta 26an eta horren bitartez, kadete taldeak Euskal Ligako zein multzotan jokatuko duen jakingo du, A1 edo A2.

Kadete Errendimenduko taldea Euskal Ligan jokatzen den Ostadar SKTko bigarren taldea izango da. 2015-2016 denboraldian, Ander Otaegik zuzentzen zuen junior taldea izan zen maila horretan lehian.