Zeremonia zibilen arautegia eta urtarrilaren 30eko greba orokorra eztabaidatu dituzte udalbatzarrean

Maddi Zaldua 2020ko urt. 15a, 12:09

Lehen aldiz hartu du udalbatzarraren gidaritza Agustin Valdivia alkateak, eta eztabaidarako gaiei hasiera eman aurretik, David Mateos zerbitzu publikoen arduraduna izendatu dute bigarren alkateorde. Urtarrilaren 30eko grebak desadostasunak sortu ditu

David Mateos bigarren alkateorde izendatuz hasi du bere lehenengo udalbatzarra alkate berriak, Agustin Valdiviak. Zerbitzu publikoen arduraduna izango da hemendik aurrera bigarren alkateordea. Horren ostean zenbait hasi dute eztabaida.

Zeremonia zibilen inguruan aritu dira lehenik. Horiek arautzen dituen erreglamenduaren hasierako onarpena bozkatu dute, eta aho batez onartua geratu da. Alkateak azaldu du, alderdi guztien ekarpenak izan dituztela kontuan. Ekarpena batzuk bere horretan onartu dituzte, eta beste batzuek, berriz, trantsazionalen bitartez txertatu dira arautegian. 

Hirugarren puntuak sortu du desadostasun gehien. Mozio baten bidez, "Lan pentsio eta bizitza duinaren aldeko urtarrilaren 30eko greba orokorrari atxikitzeko eskaera egin du EH Bilduk, baina ez du babes nahikorik lortu, eta ez du aurrera egin proposamenak. PSE-EE eta EAJ alderdiek mozioaren kontra bozkatu dute, eta Elkarrekin Lasarte-Oria Puede, berriz, abstenitu egin da. David Aresek egin du botoaren azalpena lehenik: "Greba egin nahi dutenen eskubidea errespetatzen dugun arren, pentsionisten koordinakundeen arteko bateratze faltak dudak sortzen dizkigu, uste dugu modu bateratuan babestu beharko litzakela mobilizazioa".

Horren ostean, EAJko Jon Antxordokik azaldu du zergaitik bozkatu duten aurka. "Gernikako estatutua betetzen ez bada, Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ez dauka eskaera horiek betetzerik". Horrekin batera, azaldu du Espainiko Gobernuan EAJk egindako negoziaketa betetzen badute -PSOEk eta Podemosek- Gernikako estatutuan falta diren eskumenak eskuratuko direla, hortaz, "grebaren deialdiaren eskaerekin akordiotara iristea posible izango da".

Bosgarren eta azken puntuari hasiera eman aurretik, galdera eta erreguen tartea zabaldu dute, eta Ares izan da hitza hartzen lehena. Udal aurrekontuak aurkezteko data zehaztu duten galdetu dio alkateari. Honek erantzun dio, zirriborroa lantzen ari direla, eta amaitu bezain laister aurkeztuko dutela.

Boris Nogales, EAJko zinegotziak hartu du hitza gero.   Lurrazpiko zaborrontzien gaia jarri du mahai gainean; gobernu taldea gaiarekin "inprobisatzen" ari dela susmo du alderdi jeltzaleak. "Herritarrei hiri hondakinak kudeatzeko galdeketa azaroaren 20an egingo zitzaiela esan zitzaigun, eta hori egin ez, eta gaur bertan jakin dugu galderari ekarpenak egiteko epea zabaldu dela". Horren aurrean, herri galdeketa noiz egin asmo duten galdetu diote PSE-EEri.
Herri galdeketa egin aurretik, idazkariak herritarrekin galdera adosteko epealdi bat irekitzeko proposamen egin ziela azaldu dio Nagore Duran parte-hartze zinegotziak, eta gehitu du behin galdera adostuta, udalbatzarrera eramango dutela gaia, ondoren Madrili baimena eskatu eta galdeketa martxan jartzeko. 

Udalbatzarra itxi aurretik, eta aurreikusita zegoen moduan, Jesus Zaballosek zinegotzi karguari uko egin diola jakinarazi du alkateak.