Babyauto ZRT Beltzak-Iruña RC. Maila eta emozio handiko neurketa Michelinen. Kirol gune horretara gerturatu ziren zaleek gogotik gozatu zuten bi taldeen jokaldi, entsegu eta meleekin. Hobeto ekin zioten partidari nafarrek: entsegua eginda eta transformazio jaurtiketa zutoin artean sartuta, 0-7 aurreratu ziren markagailuan. Orduan esnatu zen lozorrotik talde zarauztarra: erabat ito zituen Iruña RCko jokalariak, euren zelaitik atera ezinik. Gorka Aristondo lasarteoriatarrak egin zuen entsegua hamabigarren minutuan, eta Iker Etxanizek transformatu. Handik gutxira aurreratu zen markagailuan ZRT Beltzak, Ander Rekondo herritarraren entseguari esker.
Ez zen lehen zatiko azken jokaldi ederra izan: baloia azkar mugitu ostean, Ritxar Yurramendi –lasarteoriatarra bera ere– izan zen nafarren defentsa-lerroa zeharkatzea lortu zuena. Atsedenaldira joan zirenean, honakoa zioen markagailuak: 19-7.
Bigarren zatian emaitzari buelta ematen saiatu zen Iruña, baina ez zuen lortu, ZRT Beltzak tinko aritu zelako defentsan, zirrikiturik utzi gabe. 67. minutuan, gainera, areagotu egin zuen bi taldeen arteko aldea: Iker Etxanizek zigor-kolpe bikaina jaurti eta 22-7koa jarri zuen markagailuan. Horrekin aski ez, eta Julen Zulaika zarauztarrak entsegua egin zuen. Azkenean, 27-7. Emaitza horrekin, igoera fasea jokatzera sailkatu da ZRT Beltzak.
Ohorezko B mailako taldeak 27na berdindu zuen Ourenseren aurka, Galizian. Adrian Apaolaza herritarrak jokatu zuen zarauztarrekin. Bestalde, Alex Saleta gaztea 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin kontzentratuta dago Valladoliden: lagunarteko partida bat jokatuko dute asteburu honetan Biarritzeko Spoirs taldearen aurka.