Asier Pozok pistako Gipuzkoako maillota jantzi du

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 14a, 15:00
Buruntzazpiko Etxeberria, Pozo, Fursenco eta Tapia sari banaketaren ostean. Arg.: Buruntzazpi Txirrindularitza eskola

Buruntzazpi txirrindularitza eskolako gazteak fin lehiatu dira Gipuzkoako txapelketan. Asier Pozo junior mailako txapeldun izan da, Haimar Etxeberriak eta Daniel Fursencok brontzezko postua eskuratu dute junior eta kadete mailan

Buruntzapi txirrindularitza eskolako kideak pistako denboraldiari agur esango diote aurki. Azarotik Bio Racer-Oiartzun Bike sarian ari dira lehian. Hainbat probatan lehen postuetan izan dira, baina sailkapen orokorrean ez dira nabarmendu. Gipuzkoako txapelketan, berriz, lan paregabea egin dute. Lau txirrindularitik hiruk podiuma zapaldu dute. Asier Pozo Gipuzkoako txapeldun izan da junior mailan eta Haimar Etxeberria eta Daniel Fursencok hirugarren amaitu dute txapelketa, bakoitzak bere mailan. Horiez gain, Adur Tapia gazteak ere parte hartu du kadete mailan eta zortzigarren izan da.

Urtarrilaren 12an, Donostiako Antonio Elorza belodromoan jokatu zen txapelketa. Txirrindulari gazteek lau proba gainditu behar izan zituzten Gipuzkoako onenen artean egoteko: scratch, tempo, kanporaketa eta puntuazioa.

Asier Pozo eta Haimar Etxeberria juniorrek ez zuten hasiera ona izan. Lehen proban, scratch-ean zazpigarren eta zortzigarren izan ziren, hurrenez hurren. 
Tempo eta kanporaketa probetan lortutako emaitzek ordea sailkapeneko lehen postuetara eraman zituen. Pozo bi lasterketetan garaile izan zen; Etxeberria, berriz, tempo proba hirugarren postuan amaitu zuen eta bigarren, kanporaketa proba.

Azken proban, puntuazioan ez zuten asko jokoan. Honela, Pozo bosgarren izan zen eta Etxeberria zazpigarren. 

Kadete mailan, Daniel Fursencok eta Adur Tapiak parte hartu zuten. 

Azpimarratzekoa da, scratch proban ederki ibili zirela biak. Fursencok bigarren amaitu zuen proba eta Tapia bosgarren izan zen. Gainerako probetan, lehen hamarren artean ibili zen Fursenco. Zazpigarren izan zen tempo proban, bosgarren kanporaketa proban eta seigarren puntuazioan. Tapiak hamabigarren amaitu zuen tempo proba, kanporaketa proban bederatzigarren izan zen eta puntuazioan, hogeigarren.