Kadete errendimenduko taldea, Euskal Ligarako igoeraren bila

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 10a, 13:30
Kadete taldea TAKEren aurkako partidan. Arg.: Ostadar Saskibaloia

Ostadar SKTko kadete errendimendu mailako taldeak lauko finala jokatuko du Urretxun asteburuan. Bestalde, Aitor Anabitarte Euskadiko txapeldun izan da Gipuzkoako selekzioarekin

Hirugarren postuan amaitu du Ostadar SKTren kadete errendimendu taldeak fase erregularreko lehen itzulia eta asteburu honetan hitzordu garrantzitsua du, Urretxuko Aldiri kiroldegian, Euskal Ligarako igoera.

Talde urdin-beltzak Goierri Oxynor, BKL Esparru eta Easo Lorea Gourmet taldeekin batera lortu du sailkapena. Azken talde honen aurka jolastu beharko du finalerako txartela, larunbatean, 10:45etik aurrera.

Kadete errendimendu taldeak lan ederra egin du denboraldian zehar, 11 partida irabazi ditu eta bi bakarrik galdu. Horietako bat, biharko arerioaren aurka izan zen, 55-61. Neurketa horretan Ostadar nagusi izan zen partida osoan. Laugarren laurdenean eman zioten buelta donostiarrek partidari.

Larunbateko partidan arerioa gaindituz gero, finala jokatuko luke kadete errendimendu taldeak igandean, 18:00etan. Horrekin batera, Euskal Ligarako txartela ere eskuratuko luke.

Euskadiko txapeldun

Hitzordu garrantzitsuak izan dituzte ere Aitor Anabitarte eta Eñaut Buiza herritarrek aste honetan. Anabitartek junior mailako Euskadi eta Nafarroaren arteko txapelketan lehiatu da Gipuzkoako selekzioarekin eta garaikurra jaso du; Buizak, berriz, kadete mailako Espainiako txapelketa jokatu du Euskadiko selekzioarekin. Biek jokatzen dute Easo taldean eta denboraldi hasiera ona egiten ari dira. 

Urtarrilaren 4an, Aitor Anabitarte Euskadi eta Nafarroaren arteko txapelketako finala jokatu zuen, Oliten. Bizkaia izan zuen Gipuzkoak aurrez aurre eta garaile izan zen, 78-65. Partida hasieratik aurre hartu zuen Gipuzkoak eta 20 puntuko tartea ere izan zuten momenturen batean. Anabitarte jokalari onen artean izan zen, 7 puntu eta 7 erreboterekin. 

Egun bat lehenago ere garrantzitsua izan zen Anabitarteren jarduna, Arabaren aurkako norgehiagokan. Gipuzkoak 95-55 irabazi zuen eta lasarteoriatarrak 15 puntu egin eta 9 errebote jaso zituen.

Huelvan, ordea, Eñaut Buizarentzat ez ziren gauzak hain errazak izan. Multzo indartsuari aurre egin behar izan zion Euskadiko selekzioak. Nahiz eta ederki borrokatu, Buiza eta bere jolaskideek ez zuten partidarik irabazi lehen fasean. Zortzigarren postua lortu zuten, Kantabria 61-74 garaitu ostean.

Gipuzkoako selekzioaren irudia txapelketa irabazi ostean. Aitor Anabitartek txapelketako trofeoa eskutan du. Arg.: Nafarroako saskibaloi federazioa