Urtea kultur ekintzez beteta hasteko

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 10a, 10:01

Kultur ekintzez beteta dator urtarrila lasarteoriatarrentzat. Atzo arratsaldean zabaldu zituen ateak Jokin Goenaga herritarraren musika erakusketak, eta horrekin batera, antzerkiaz eta zinemaz gozatzeko aukera izango da, besteak beste. Irakurketa kluba ere jarri du martxan kultura departamentuak; 21ean izango da lehen saioa

Gabonetako ekintzekin amaituta, askotariko ekintzez beteta dator hilabetea. Lasarte-Oriako Udaleko kultura departamentuak, jakinarazi du urtarrileko kultur agenda, eta ekintza ezberdinez gozatu ahal izango dute lasarteoriatarrek hilabetea amaitu arte.

Okendo zineforumak El Hoyo pelikula eskaini zuen pasa den ostiralean. Baina ez da hori urtarrilerako egin duten proposamen bakarra. Datorren ostiralean, urtarrilaren 17an, La odisea de los Giles filma eskainiko dute. Kultur etxeko auditorioan izango da, gaueko 22:00etan eta 5,50 euroren truke erosi ahal izango dira sarrerak. Horrez gain, hilabeteko azken egunean –urtarrilaren 31n–, Ventajas de viajar en tren ikus-entzunezkoa ere emango dute, ordu berean. 

Haurrentzako eta helduentzako filmek ere badute bere tartea urtarrileko egitarauan. Gaztetxoenek, igande honetan izango dute Mr Link jatorri galdua filma ikustera joateko aukera.  Horrekin batera, Frozen II ere emango dute urtarrilaren 19an, eta Bayala, berriz, hilaren 26an. Arratsaldeko bostetan izango dira emankizunak Manuel Lekuona kultur etxean, eta sarrerak eskuragai daude dagoeneko, 3,80 euroren truke. 

Helduek ere gozatu ahal izango dute zinemaz. Igandean, Si yo fuera rico filma emango dute. 19an, aldiz, La odisea de los Giles, eta 26an, berriz, Legado en los huesos eskainiko da. Denak ala denak 19:30ean emango dira, eta sarrerak (5,50 euro) erostea ezinbestekoa da. 

Jokin Goenagak musika erakusketa zabaldu du ostegun honetan, Mercero gunean. Erakusketa "formatu berritzailean" aurkeztu du, horregatik smartphona eta entzungailuak  eramatea ezinbestekoa da, izan ere, QR kodeak eskaneatu beharko baititu ikus-entzuleak. Goenagak sortutako 107 musika pieza daude entzungai, eta horiek guztiak, bederatzi multzotan banatu ditu. Baina talde horien guztien artean, bada bat berezia: Lasarte-Oriako 6 doinuk osatua: Lasarteko martxa, Himno de la Peña Palomo Linares, Oriatik Lasartera, Sasoetako txalapartariak, Zabaletako gaina eta Okendoko palmondoa.  Urtarrilaren 24ra arte izango da bisitatzeko aukera, egun eta ordutegi ezberdinetan. 9tik 12ra, astelehenetik ostiralera 18:00etatik 20:00etara, eta larunbat eta igandean 12:00tatik 14:00tara.

13tik 18ra, berriz, astelehenetik ostiralera 10:00etatik 12:00etara, eta larunbatean 12:00etatik 14:00etara. Eta azken astean, astelehenetik ostiralera, soilik 18:00etatik 20:00tara. 

Antzerki zaleek ere hitzordu bat baino gehiago izango dituzte. Haurrek Mari Errauskine  izango dute bihar, 17:00etan,  3,80 euroren truke. Helduentzat, ordea, Espacio disponible antzezlana eskainiko dute. Urtarrilaren 18an izango da, iluntzeko 20:00etan, eta 5,50 euro balio dute sarrerek.