Euskarazko literaturaren irakurlezaletasuna bultzatzeko lanean darrai Lasarte-Oriako Irakurle txokoak. Hilabetean behin Uxue Alberdi idazle eta bertsolariarekin biltzen da taldea Manuel Lekuona kultur etxean euskal idazleak eta euskarara itzulitako lanak aztertzeko.
Urrian hasi zuen ikasturte berria taldeak eta 2020. urteko lehen saioan klasiko baten euskarazko bertsioaren ezkutuko kontuak agerian uzten saiatuko dira, Robert L. Stevensonen Jekyll doktorearen eta Hyde jaunaren kasu bitxia liburuarenak, hain zuen ere. Urtarrilaren 21ean izango da hitzordua, 18:30ean, Manuel Lekuona kultur etxean.
Otsaila eta martxoan liburuaren nondik norakoak sakontzeko idazlearen laguntza izango dute Irakurle txokoko lagunek. Mari Luz Esteban izango da eurekin otsailaren 18an Andre zaharraren manifestua lantzeko; martxoan, berriz, Amets Arzallus izango da gonbidatua. Miñan lanari buruz solastuko dira.