18.000 euro gizarte ekintzen esparruko hainbat jarduerentzat

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 12a, 09:00
Mirentxun daukate egoitza Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuek

Gizarte zerbitzuek 23 elkarte lagundu dituzte Alkatetzak Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuen proposamena onartu ostean

Lasarte-Oriako Udaleko Gizarte Zerbitzuek ia 18.000 euro bideratu dituzte 23 elkarte diruz laguntzera. Alkatetzak onartu du sail horren proposamena, 2019. urtekoa. Gizarte ekintzen esparruko hainbat jarduera sustatu nahi dituzte gizarte zerbitzuek, laguntza horien bitartez.

AGIPASE krisian dauden familientzako orientazio eta interbentzio psikosozialerako programak 1.060,38 euro jasoko ditu. Beste bi egitasmok gainditu dute 1.000 euroen langa: IZAN fundazioak, Martuteneko espetxeko presoei laguntza ematen dienak –1.040,46 euro–, eta Alcer-Gipuzkoa zerbitzuak –1.011,63 euro–. Arreta psikosoziala eta soziosanitarioa eskaintzen du azken horrek.

Osasun arazo psikologikoak dauzkaten pertsonei eta haien senideei laguntzen die AGIFES  egitasmoak. 990,66 euro jasoko ditu. Aniztasun funtzionala duten eta baztertze egoeran dauden pertsonei laguntzeko programa Ortzadarri 981,23 euroko laguntza emango diote gizarte zerbitzuek.  Atece-Gipuzkoak, Begisarek eta Arantzazuko parrokiak –Ostarte gazte taldeengatik– ere gainditu dute 900 euroko diru-laguntza horren langa. 922,52, 916,76 eta 910,99 euro jasoko dituzte 2019an gauzatutako jarduerengatik, hurrenez hurren. 

Hamasei elkarte gehiago 
Orain arte aipatutako zazpi elkarte horiez gain, beste hamaseik ere egin zituzten ekintza eta egitasmo sozialak pasa den urtean. Hori dela eta, udaleko gizarte zerbitzuek diruz lagunduko dituzte horiek ere.

Hauek dira: Adahigi, Ademgi, Agiac, AECC, Aspace, AGI, Elikagaien Bankua, Bizi Bide, Gautena, Nagusilan, Zubigune, Itxaropen Telefonoa, Bihotzez, Pausoka eta GBGI. 500 eta 900 euro arteko diru-laguntzak jasoko dituzte horiek guztiek.

Alor desberdinak jorratzen dituzte elkarteek: esklerosi anizkoitza duten pertsonei eta euren familiei arreta-zerbitzua ematen diete; gizarte laguntzan diharduten elkarteei elikagaiak ematen dizkiete; udaleku irekiak antolatzen dituzte; adineko pertsonentzako ekintzak egiten dituzte; eta telefono bidezko laguntza psikologikoa eskaintzen dute, besteak beste.