Naroa Furundarenak Euskadiko txapela lortuta ekin dio urteari

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 10a, 09:15
Naroa Furundarena, Irati Valdivia eta Naroa Elvira txapelketa hasi baino lehen. Arg.: Ostadar SKT

Ostadar SKTko atletismo ataleko kirolariak klubeko sarien poltsa handitzen doaz. Naroa Furundarena pentatloneko Euskadiko txapeldun izan da eta Espainiako txapelketarako ere sailkatu da, luzera jauzian egindako marka ederrari esker

Ostadar SKTko atletismo saileko hiru kide, Naroa Furundarena, Naroa Elvira eta Irati Valdivia Euskadiko proba konbinatuetako txapelketan lehiatu ziren urtarrilaren 4an, eta Furundarenak 20 urtez azpiko eta absolutu mailako pentatloneko garaikurra lortu zuen.

Lehiaketa orekatua egin zuen Furundarenak; bost probetan lehen hiru postuetan egon zen. 60 m. hesi lasterketan eta luzera jauzian garaile izan zen; bigarren amaitu zuen 800 m. lasterketa eta pisu jaurtiketan eta altuera-jauzian brontzezko postua eskuratu zuen.

Luzera jauzian lortutako markak, 5,39 metro, Espainiako txapelketarako sailkapena eman dio gazteari.

Kadete mailan lehiatu ziren Naroa Elvira eta Irati Valdivia eta lan ederra egin zuten lehiaketan, 5. eta 6. postuan amaituta, hurrenez hurren.