Eta zu eta ni ez gara horietako bat. Abenduaren 21ean hasita eta urtarrilaren 6an amaituta, gabonak, guztira, 17 egun izan ditu: Santo Tomas eguna, enpresa afaria eta lagun ikusinezina; bi familia-bazkari, bi -afari eta -gosari bat; bi pintxo-pote, bi asteburu eta biharamun-hamaiketakoren bat. Guztia batuta ondorioak ditu: hiru kilo gehiago gorputzerako. Zuri bai egokitu zaizula “gordo”-a. Eta orain zer? Zapatila berri batzuk erosi? Gimnasiora apuntatu? Osagarri dietetikoak irentsi? —Nahiz eta haiekin guztiekin ez jakin zer egin—. Dirudienez, era osasuntsuan jatea munduko gauzarik zailena da —ironia mode on—. Zientziak arlo askotan aurrerapenak eman ditu baina ez gehiegizko kiloak jaisteko. Beharbada, zuk aplikazioak erabiltzen dituzu produktuen etiketak aztertzeko, agian produktu integralak gehitu dituzu zure egunerokotasunean, edota begetalago elikatzen zara. Baina ez zaitez nahastu, gaileta integralek azukre kopuru bera dute, eta veggie-burgerrak ultraprozesatutakoak dira, ere bai.
Urtero promes berak egiten dituzu eta urtero emaitza bera duzu. Ohitura txarren aldaketak, aldiz, biharko uzten dituzu. Gogoan hartu, aholku bakarra emango dizut: besteen promesak ere ez dira fidagarriak.