Jalgune Elkarteak irabazi du Michelinen 'Está en tu mano' egitasmoaren saria

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 9a, 10:29
Ezker-eskuin: Jokin Goenaga (Michelin), Pili Bermejo (Jalgune) eta Felipe Garcia (Michelin). Argazkia: Txema Valles.

FMEP Espainiako eta Portugalgo Michelin Fundazioak 'Está en tu mano' gizarte egitasmoa egin du. Lasarte-Oriako zentroko langile gehienek Jalguneren egitasmoa bozkatu dute; 5.000 euroko saria irabazi du elkarteak.

Jalgune Elkarteak herrian eta herritarrentzat egiten duen lana saritu du Michelinek. Está en tu mano gizarte egitasmoa sustatzen du enpresa horren Espainia eta Portugalgo Fundazioak, FMEP delakoak, estatuan zehar dituen egoitzetan. Lasarte-Oriakoa da horietako bat. Fabrika horretako langileek gehien bozkatu duten egitasmoa izan da Jalgunerena; 5.000 euroko saria irabazi du elkarte horrek.

Lasarte-Oriako egoitzako zuzendari Felipe Garciak eman dio saria Jalguneri; bertako kide Pili Bermejok jaso du txekea, elkartearen izenean. Jokin Goenaga langilea ere joan da ekitaldira; berak proposatu zion Jalguneri hautagaitza aurkeztearena. "Eskerrak eman nahi dizkiogu Michelin Fundazioari, baina batez ere Jokini, gutaz gogoratzeagatik eta proiektua aurkezteko aukera emateagatik; langileei ere bai, bozka emateagatik eta sariruntz bidea egiten laguntzeagatik", adierazi du elkarteak. "Sariak erakusten du elkarteak herrian eta herritarren artean daukan harrera; gure bizilagunek presente gaituzte eta oztopoak gainditzen laguntzen digute". Michelinenaz gain, Jalgunek Iner S Coop enpresaren laguntza ere jaso du azken urteetan. "Kolektiboaren mugikortasuna eta irisgarritasuna hobetzeko lagungarriak izango dira biak".

FMEP fundazioak sei zentro ditu espainiar estatuan. Jalgunez gain, hauek izan dira beste bost irabazleak: Apace Burgos, AECC Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkartea, Altea Erakundea, ASPANAFOA eta Madrilgo Hemofilia Erakundea.