Muralek eta argazki historikoek jantziko dituzte hilabeteak

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 8a, 17:06

Lasarte-Oriako Udalak 2020. urteko egutegia aurkeztu du asteon. 'Guztion Lasarte-Oria' egitasmoko muralen argazkiek apainduko dituzte hilabete gehienak; Isaac Farre Ricok izoztu ditu horiek, kamerarekin. Oria auzoko bi argazki historiko ere erabili dituzte. 

Lasarteoriatarrek 2020. urteko egutegia jaso -edo jasoko- dute euren buzoietan. Lasarte-Oriako Udalak sustatutako egitasmoa da. Guztion Lasarte-Oria egitasmoko muralei buruzkoak dira argazki gehienak: Isaac Farre Ricok atera ditu. Hamabitik hamar hilabete jantziko dituzte irudi horiek. Beste biak hornitzeko, Oria auzoko argazki historiko pare bat erabili ditu Ganboa Centro Grafico enpresak. Berak diseinatu du egutegia, eta inprimatu ere bai: 8.000 ale, guztira. Lanek 9.717,86 euroko kostua izan dute.

Udalak zehaztu duenez, egutegiaren helburua da herritarrek ezagutzea mural horiek non dauden, eta horiek bisitatzera joatea. Zeregin hori errazte aldera, mapa bat txertatu dute azkeneko orrialdean, mural bakoitzaren kokapena zehaztuz.