Areto futbola, errege

Txintxarri Aldizkaria 2020ko urt. 5a, 11:12

Eguzki Areto Futbolak antolatutako VI. Eguberriko Txapelketa amaitu da. Atzo jokatu zituzten finalak  eta Lagunak, Huracan Champion eta Los Crack izan dira kategoria bakoitzeko irabazleak.

Dozenaka mutilek eta zenbait neskek gozatu dute areto futbolaz egunotan. Eguzki Areto Futbola taldeak antolatutako Gabonetako txapelketa abenduaren 23an hasi zen eta makina bat partida jokatu dituzte benjamin, alebin eta infantil kategorietako sailkapen fasean. Ostiralean eta larunbatean, berriz, finalaurrekoen eta finalen txanda heldu zen. Bi egunetan Mailen Chourraut kiroldegiko harmaila bete dute ikusleek giro aparta sortuz, etengabe animatuta. 

Jokalariek primeran pasatu dute egunotan, nahiz eta uneren batean tentsioak jarrera ezegokiren bat eragin. Ostiral arratsaldean jokatu zituzten hiru kategorietako finalaurrekoak eta urduritasuna nabari zen zelaian. Arbitroak lasaitzeko eskatu behar izan zien eztabaidan zebiltzan bi entrenatzaileri, jokoan ari zirenak haurrak zirela gogorarazita. Beste batek galtzen ikasi behar duela argi utzi zuen, jarrera lotsagarria izan baitzuen, epaileen erabakiak eta asmoak etengabe ezbaian jarrita. Bere jokalariengandik eta gainerako gaztetxoengandik ikastea badu, garbi jokatu eta haserretu gabe aritu baitziren.

Infantiletan, Prest Gaude eta El avion taldeen artean erabaki zen finalerako lehen txartela. Izenari ohore eginda, Prest Gaudeko kideak argi nagusitu zitzaizkion arerioei, 6-1. Bigarren finalista, Huracan Champion izan zen 3-2 irabazita Tigres con garrapatas taldeari. Alebin kategorian, berriz, Los cracks  taldeak 7-1 gailendu zitzaion Alegría taldeari. Joxe Mari Batzak gauza bera egin zuen Euskaldunakoak taldeari 4-1 irabazita. Azken finalera, benjaminena,  Pantera Txikiak eta Lagunak sailkatu ziren, Las ratas eta Beti C kanporatuta, hurrenez hurren. 

Hala, atzo, finalen txanda heldu zen. Txikienek hasi zuten arratsaldea. Hogeina minutuko bi zati jokatu zituzten Prest Gaude eta Huracan Championek. Partida parekatua izan zen, berdinketa nagusi izan baitzen ia amaiera arte. Azken emaitza 3-4 izan zen. Alebinek eta infantilek, berriz, ordu erdiko finalak jokatu zituzten. Lehengoan, Lagunak eta Pantera Txikiak aurrez aurre aritu ziren, eta Lagunak izan zen txapelduna, 1-4. Bigarrenean, Los cracks eta Joxe Mari Batza aritu ziren. Aise irabazi zuten Los crack taldekoek, 7-1, baina partida bizia eta ikusgarria izan zen. 

Amaieran, Balerdi Harategiak emandako gazta eta txuletak zozkatu zituzten eta merezitako dominak banatu zituzten. 

 

 

Erlazionatuak