Urteko azken goiza Buruntzan...

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 31a, 18:02

Ostadar SKTko mendi sailak eta Ttakun KEk antolatuta, herritar ugarik bota dituzte urteko azken izerdiak gaur goizean. Buruntza mendira igo dira. Hamaiketakoa egin dute San Roke baselizan, eta kanta eta dantza ere bai, erromeriatxoan.

Bihar pertsona ugari igoko dira mendira, 2020. urteari ongi-etorria egiteko. Ohitura da hemen inguruan. Urte berriari kaixo esatea bai, eta bukatzear dena agurtzea ere bai: herritar askok egin dute bat gaur Ostadar SKTko mendi sailak eta Ttakun KEk antolatutako igoerarekin: Buruntzara joan dira goizean.

Gazteak ziren mendizaleetako asko. Belarmeta taldeak 09:00etan jarri du hitzordua, Okendon. Handik abiatu dira 50 bat gazte Azkorterantz lehenengo, eta Buruntzako tontorrerantz gero. Lasarteoriatarrak bakarrik ez, inguruko herrietako hainbat pertsona ere animatu dira mendiko botak jantzi eta itsasoaren mailatik ia 500 metrora dagoen tontorrera igotzera. 

Tontorrera iritsi eta argazkia atera ostean, San Roke baselizara jaitsi dira, hamaiketakoa egitera: txistorra, txokolatea, salda beroa, ardoa, sagardoa... Indarrak berriz hartzeko beharrezko guztia.