Buruntzaldea IKTko igerileriak, dominen eta marken poltsa handitzen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 31a, 09:00
Buruntzaldea IKTko gazteak Hernaniko proban. Argazkiak: Buruntzaldea IKT

Paco Sanchez XX. Sarian,  Hernaniko XXII. Sarian eta Eguberrietako 37. Nazioarteko Sarian lehiatu dira Buruntzaldea IKTko igerilariak. Ederki ibili dira herriko taldeko igerilariak eta domina eta marka ugari eskuratu dituzte. Bestalde, Neguko Ligako azken jardunaldian Gipuzkoako Kluben Koparako sailkapena lortu zuten

Txiki, zein heldu; federatu, zein hasi berri Buruntzaldea IKTko igerilariak indartsu amaitu dute Neguko denboraldia Paco Sanchez XX. Sarian, Hernaniko XXII. Sarian eta Eguberrietako 37. Nazioarteko Sarian parte hartuz. Guztira, sei urre, zortzi zilar, hamabi brontze eta hainbat marka pertsonal egin dituzte.

Benjaminak eta alebinak Paco Sanchez XX. Sarian izan ziren lehian, Tolosan. Taldeko 43 gaztetxok igeri egin zuen bertan.

Benjaminek proba bat aukeratu behar zuten; alebinek, berriz, bi proba egin ahal zituzten: 100 m. libre edo 200 m. lau estiloak. Saioa amaitzeko, adin tarte bakoitzeko bi mutil eta bi neskaz osatutako 12x50 m. estilo libreko errelebo-lasterketa ere jokatu zen. 

"Lehian ederki aritu ziren, euren probei gogotsu ekinez," azpimarratu du Borja Apeztegia Buruntzaldea IKTko prestatzaileak. Ondorioz, euren jaiotze urteko lehen hiruren artean sailkatu ziren igerilariak eta etxera domina eraman zuten. 

Urrea lortu zuten Naia Barriok, 50 m. tximeletan; Nahia Goenagak, 100 m. tximeletan; Oier Jauregik, 50 m. bizkar proban eta Ibon Elolak, 200 metro lau estiloetan.

Bigarren mailan izan ziren: Mario Garcia, 50 m. bizkar proban; Pablo Alvaro, Jurgi Sukunza eta Maddi Ipinza, 100 m. librean eta Mario Amantegi eta Nahia Goenaga, 200 metro lau estiloetan.

Bederatzi igerilarik ere eskuratu zuten brontzezko postua: Kimetz de la Cruz eta Iker Gandia, 100 m. bizkar proban; Nille Becerra eta Ane Mateos,  100 m. bular proban; Paul Etxezarreta, Irati Etxeberria eta Nahia Ipinza, 100 m. librean eta Jon Pelayo eta Mayi Gorostegui 200 metro lau estiloetan.

Dominak eta nazioarteko finala

Infantik, junior eta absolutuek ere ez zuten hutsik egin Hernaniko XXII. Sarian, abenduaren 28an. Taldea Txapeldunorde izan zen 4x50 m. estilo libreko nesken errelebo-lasterketan eta 2 urre, 2 zilar eta 3 brontze gehitu zizkieten asteburuko poltsari.

15 igerilari izan ziren lehian. 100 metroko proba bat eta 100 m. lau estilo proba egin zituzten, domina ugari lortuz.

Podiumeko maila gorenean izan ziren Nerea Irazu, 100 metro bizkar proban eta Nerea Santos, 100 m. librean.  Saioa Elolak eta Nora Imaezk zilarrezko domina lortu zuten, 100 m. bizkar proban eta 100 m. bular proban, hurrenez hurren. Hirugarren postuan amaitu zuten haien lehia, Haritz Gomezek (100 m. tximeleta), Unai Barcinak (100 m. bular) eta Nora Imazek (100 m. lau estiloak).

Horretaz gain, 4x50 m. estilo libreko errelebo-lasterketan aldekako sailkapeneko txapeldunordetza eskuratu zuen nesken laukoak; mutilak, aldiz, laugarren izan ziren.

Hamasei marka pertsonal ere ondu zituzten eta horietako bat, Nahia Zudairek 100 m. lau estiloan lortutakoa, talde errekor berria ere bada.

Bestalde, Buruntzaldea IKTko sei igerilari Eguberrietako 37. Nazioarteko Sarian parte hartu zuten, Ordizian. Hiru marka pertsonal eta final batean egotea lortu zuten.

Eguberrietako 37. Nazioarteko Saria pisu handiko lehiaketa da. Aurten taldeko zazpi igerilarik lortu zuten probarako sailkapena: Mikel Esnal eta Unai G. Somovilla mutiletan, Aintzane Sarobe, Nora Imaz eta Nerea Irazu nesketan eta Nahia Zudaire eta Nathalia E. Torres emakumezkoen igeriketa egokituko proban. Baina Nathaliak, gaixo egonagatik, ez zuen parte hartzerik izan.

Nahia Zudairek igeriketa egokituko 50 m. libre probako finalerako sailkapena lortu zuen goizeko kanporaketetan eta erabat nagusi izan zen. Finalean, 34,96an utzi zuen kronometroa, bere onenetik oso gertu.

Aintzane Sarobek eta Unai G. Somovillak, aldiz, euren markak ondu zituzten sailkapen probetan. Sarobek 50 m. eta 100 m. librean egin zituen marka berriak eta Somovillak 50 m. tximeletan. 50 m. bizkar probako bere marka onenetik gertu ibili zen ere Somovilla, baina irteeran irrist egin zuen.

Marka pertsonalik lortu ez arren, Nora Imaz ere bikain aritu zela azpimarratu du igeri taldeko arduradun Apeztegiak, "50 m. eta 100 m. librean bere onenetik ehuneko gutxitara igeri egin zuen". 
 

Gipuzkoako Kluben kopa

Abenduaren 14an, berriz, Neguko Ligako azken jardunaldia izan zuten Buruntzaldea IKTko infantil, junior eta absolutu mailako igerilariek eta Gipuzkoako Kluben Kopako A mailarako sailkapena lortu zuten. 

Horretaz gain, hogeita bost marka ondu zituzten igerilariek. Horien artean aipagarria da, Nahia Zudairek 100 m. bizkar probako S8 mailan talde errekor berria ezarri zuela.

Buruntzaldea IKTko igerilari gehienek lanean jarraituko dute Eguberrietan. Izan ere, infantil, junior eta absolutuek Gipuzkoako Kluben Kopa jokatuko dute urtarrilaren 11n eta 12an. Txikienek ordea, urte berrian erronka berriei aurre egiteko indarrak hartzeko momentua izango dute.