Beltzaken Gabonetako saskia, Juan Jose Encinasentzat

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 27a, 12:26
Juan Jose Encinas irabazlea, Beltzakeko hainbat jokalarirekin. Argazkia: Beltzak.

Juan Jose Encinas herritarrak irabazi du Beltzak errugbi eskolaren saskia, urtero entregatzen duena Eguberrietan. Bestalde, harrobiko jokalari izandako Alex Saleta eta Urko Zumeta Espainiako selekzioarekin entrenatzen ari dira, 20 urtez azpikoarekin, Madrilen. Hilaren 29an Portugalen aurka ariko dira.

Errugbi-jokalariek ere ez dute oporrik hartu Gabonetan. Ez guztiek, behintzat: Alex Saleta eta Urko Zumeta, Beltzaken harrobi agortezinetik ateratako jokalarietako bi, 20 urtez azpiko Espainiako selekzioarekin ari dira entrenatzen, Madrilen. Hilaren 29an, igandearekin, Portugalen aurka jokatuko dute. Deialdian sartu da baita ere Beñat Arizeta Maestro, Hernaniko jokalaria. Lasarteoriatarra da ama. 

Bestalde, 18 urtez azpiko Euskadiko selekzioak deitu ditu Gavi Gavilan, Mikel Ibisate eta Jokin Beloki. Hernaniko Landare zelaian egingo dituzte lan-saioak hiruek. 

Pozarren ari dira horiek guztiak, eta pozik dago baita ere Juan Jose Encinas herritarra; berari tokatu zaio Beltzak eskolaren Gabonetako saskia. Asteon jaso du, Gure Etxea tabernan.