Buiza, Euskadiko selekzioarekin Huelvara

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 27a, 12:30

EƱaut Buiza Gipuzkoako Selekzioarekin lehian. Arg.: Euskadiko Saskibaloi Federazioa

Eñaut Buiza saskibaloi jokalariak Espainiako kadete mailako txapelketa jokatuko du urtarrila hasieran, Huelvan. Gaur hasi eta astelehenera arte, Euskadiko selekzioarekin egongo da lanean Zarautzen hitzordu garrantzitsua prestatzeko

900 saskibaloi jokalari bilduko dira urtarrilaren 3a eta 7a artean Huelvan jokatuko diren Espainiko kadete eta infantil mailako txapelketetan. Horietako bat Eñaut Buiza herritarra da.

Euskadiko kadete mailako selekzioarekin lehiatuko da gazte lasarteoriatarra txapelketan. Euskadi A multzoan dago kokatua eta aurrez aurre, Andaluzia, Galizia, Madril eta Valentzia izango dituzte. 

Lehen partida abenduaren 3an, goizean jokatuko dute Madrilen aurka. Ez da norgehiagoka erraza izango, 2019 urteko txapelduna izan baitzen arerioa. Egun berean, arratsaldean, Valentzia izango dure buruz buru; 4an, Andaluzia eta 5ean, Galizia. Multzoko lehen bi sailkatuek jokatuko dituzte finalaurrekoak.

Lehiaketa prestatzeko, gaur hasi eta astelehenera bitartean, lan egingo du Buizak Euskadiko selekzioko bere kideekin Zarautzen. Gozatzeko tarterik ere izango dute; LEB Zilarrezko kopako partida ikustera joango baitira Azpeitiara.