ABENDUAK 24

Atseden apur bat hartu, eta...opariak banatzera!

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 24a, 19:40

Iritsi dira herrira Mari Domingi eta Olentzero. Eta Xixuko, Mariteilatuko eta Porrotx. Eta zoriontasunez betetako zakuak. Laster sartuko dituzte opariak bertan ikazkinak eta Mari Domingik, herriko gaztetxoen eskutitzak jasotzen dituztenean. 

Eskerrak Mari Domingik utzitako betaurreko moreak jantzi dituen Olentzerok, eta astoa aurkitu duen. Bestela, auskalo nola banatuko lituzkeen opari guztiak gaur gauean. Egon daitezela lasai herriko gaztetxoak: ongi portatu badira, eta eskutitza ikazkinari edo Mari Domingiri –edo Xixukori– garaiz eman badiote, bihar aspertu adina jolastu ahalko dute euren opariekin.

Lehenengo goxatua gaur arratsaldean hartu dute, kalejiran. Elkartu dira bi protagonista nagusiak euren lagunekin: Xixuko ahatearekin, Porrotx pailazoarekin eta Mariteilatuko bihurriarekin. Igo dira karrozetara, eta zeharkatu dute herriko erdigunea, Okendo plazara iritsi arte. Ez dute bakarrik egin bidaia: Basajaun eta Basandere, Sorginak, Lamiak, Galtzagorriak, arkumeak, oilaskoak, untxitxoak... Kuadrilla ederra. Eta baita hainbat ume eta guraso ere, euren alboan.

Ttirriki Ttarraka musika eskolako kideek girotu dituzte arratsaldeko protagonistak oholtzara igo aurreko minutuak. Eurek emanaldia bukatu aurretik egin dute bat, dena den: kalejiran sartu dira bostak, eskutik helduta, haurrek zur eta lur begiratzen zituzten bitartean. Bete dute ametsa; bukatu zaizkie amaigabeak ziruditen egun horiek, Olentzero eta Mari Domingi noiz iritsiko zain. Magikoak izan dira minutu horiek, eta baita ondorengoak ere, haurren eskutitzak jasotzera jaitsi baita ikazkina, Antonio Mercero gunera.

Plazako lanak eginda, etxekoak betetzea dagokie orain berari eta Mari Domingiri: gau luzea dute aurretik, zoriontasun apur bat tximinia bakoitzaren alboan uzteko.