ABENDUAK 24

Arratsalderako motorrak berotzen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 24a, 13:38

Gero eta gutxiago falta da Olentzero eta Mari Domingiren kalejirarako. Ikastetxeetako haurrak eta gurasoak kantuz kantu ibili dira erdigunean zehar; baita Zabaleta auzoko hainbat bizilagun ere. Xixuko ahateak etxeko txikien eskutitzak jaso ditu Okendon, Mari Domingirekin batera. 

Abenduaren 24a. Egun handia da gaurkoa, eta berezia. Oso. Eguzkia ere azaldu da, hitzordua galdu ezinik. Eguraldi bikaina lagun, kantujira egin dute herriko ikastetxeetako haur eta gurasoek, erdigunean zehar. Jaizkibel plazatik abiatu dira, erdigunera sartzeko gero. Okendo plazan bukatu dute. Zabaletako auzotarrak ere atera dira kalera, baserritarrez jantzita, Olentzero eta Mari Domingiri ongi-etorria egitera.

Lanak aurreratze aldera, Xixuko ahateak postontzia jarri du Okendon, eta etxeko gaztetxoenen eskutitzak jaso ditu, Olentzerok eta Mari Domingik aurretiaz jakin dezaten zer opari utzi behar dituzten gaur gauean euren etxeetan. Lepo bete da plaza, herritar ugari jaitsi baitira goizean goizetik. Eta eguna hasi besterik ez da egin.

Zabaleta auzoko kideak ere auzoko kaleetatik eta baserrietatik ibili dira kantuan. Antonio Blas plazara iristean, 2019 urtean jaiotako haurrei harrera egin diete.

Kalejira, 16:45ean

Bazkalorduan indarrak hartu, eta agendan apuntatuta dauzkaten gainontzeko ekintzak burutuko dituzte Olentzerok eta Mari Domingik. Lehenengoa, kalejira: 16:45ean abiatuko dira Loidibarren pilotalekutik. Ez bakarrik: Xixuko, Porrotx eta Mariteilatuko ere animatuko dira. Eta pertsonaia gehiago ere bai: Basajaun eta Basandere, Sorginak, Lamiak, Galtzagorriak eta beste batzuk. Kuadrilla ederra ibiliko da erdigunean zehar.

Okendo plazara 18:00ak aldera iritsiko dira, lasarteoriatarren ongi-etorri goxoa jasotzera. Olentzero eta Mari Domingi herritarrekin hitz egiteko prestatu bitartean, beste hiru lagunek ekingo diote ikuskizunari. Goizean eskutitza entregatzerik izan ez dutenak, egon daitezela lasai; Antonio Mercero guneko arkupeetan jarriko dira gaurko bi protagonista nagusiak, zakuak prest dituztela, gutun horiek guztiak jasotzeko eta haurren eskariak zuzen-zuzenean entzuteko. 20:00ak arte egongo dira. Ondoren hasiko da benetako festa: opari guzti-guztiak prestatu, eta etxez etxe joango dira zoriontasuna banatzen. A! Eta, ahal dela, herritarrok, ez ahaztu: eskertuko dituzte esnea, gailetak, ardoa eta antzekoak Olentzero eta Mari Domingik, Eguberri eguneko eguzkia atera bitartean indar betean aritzeko.