Erakusleiho dotoreenak, Imagine jantzi-denda eta Alba Modarenak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 23a, 10:43
Erakusleiho lehiaketa antolatu du Aterpea elkarteak, aurten aurrenekoz. Argazkia: Txema Valles.

Herriko hogei komertziok parte hartu dute Aterpea elkarteak antolatutako erakusleiho lehiaketan. Alba Modak irabazi du Sari Herrikoia; Rural Kutxa Sari Profesionala, berriz, Imagine jantzi dendak. Lasarteoriatar ugarik eman dute iritzia; 1.104 bozka jaso dituzte antolatzaileek.

Alba Moda eta Imagine komertzioetako erakusleihoak izan dira Aterpea Merkatari eta Ostalari elkarteak antolatutako lehiaketako dotoreenak. Sari Herrikoia eta Rural Kutxa Sari Profesionala irabazi dituzte bi denda horiek, hurrenez hurren. Herriko hogei negoziok parte hartu dute egitasmoan. 

Aterpeako lehendakari Ramon Ormazabalek zehaztu bezala, lasarteoriatar ugarik eman dute erakusleihoei buruzko iritzia: 1.014 bozka jaso dituzte antolatzaileek. Horiek denak zenbatu ostean, ikusi dute Alba Modak jaso dituela gehienak; komertzio horri eman diote lehengo saria. Bigarrena Dulce Tentacion gozoki-dendak jaso du; hirugarrena, aldiz, Imagine jantzi dendak. 

Komertzio horrek irabazi du Rural Kutxa Sari Profesionala. Amaia Gonzalezek, Biyak Bat egoitzako kideek, Rural Kutxa aurrezki-kutxak, Orainart enpresak eta Eusko Jaurlaritzaren ordezkari Maria Zulaikak osatu dute epaimahaia.