Aitor Carrascok udal liburutegian jarraituko du lanean

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 23a, 10:22

Lasarte-Oriako Udalak, Gureak taldeak eta Atzegi elkarteak hitzarmen berria 
sinatuta, eta Foru Aldundiak babestutako 'Pauso Berriak' programaren bidez, lasarteoriatarrak beste urtebetez jarraituko du udal liburutegian lanean

Gipuzkoako Foru Aldundiak babesten duen Pauso Berriak programari esker, Aitor Carrasco herritarrak, udal liburutegian lan egingo du beste urtebetez. Liburutegiko lanekin batera, artxiboko laguntzaile gisa ere arituko da. Fitxak artxibatzea, zigiluak jartzea, gutunak gutun azaletan sartzea, liburu eta CDak alfabetikoki ordenatzea, fotokopiak eta liburuxkak taldekatzea izango dira, besteak beste, lasarteoriatarrak egingo dituen lanak. 

2013. urteaz geroztik ari da Carrasco udal liburutegian lanean, eta beste hainbestez egoteko desira agertu du. "Oso pozik" agertu da kontratazio berriarekin. Liburutegiko lanak "gustura" egiten dituela azaldu du, eta hitzarmen berria ahalbidetu duten ordezkariei eskerrak eman dizkie; eskertza oroigarri bat eman dio udaleko Sozioekonomia batzordeburu Nuria Fernandezi. 

Honek ere esker hitzak izan ditu Carrascorentzat, eta Lasarte-Oriako udal liburutegiko langileak Carrasco lankidearekin pozarren daudela azpimarratu du. 
Udalak Carrascoren kontrataziorako 4.000 euroko  diru laguntza eman dio Pauso Berriak programari. 

Inklusioaren bidera batzeko deia
Asteazken eguerdian berritu dute Gureak taldearekin eta  Atzegi elkartearekin hitzarmena, eta hitzordu hori baliatu dute inklusiorako deia luzatzeko. Lourdes Acevedo jarduneko alkate eta Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak gonbita luzatu die enpresa publiko zein pribatuei aniztasun funtzionala duten pertsonen inklusioaren alde egin dezaten. 

Pauso Berriak programa dagoeneko 160 enpresatan ezarrita dago, eta guzti horien artean, Lasarte-Oriako Udala izan zen egitasmoan parte hartzen hasi zen lehenetarikoa.

Hitzarmena berritzeko ekitaldian, Fran Navarro Gureak elkarteko ordezkaria eta Ainhoa Ascasibar, Gureak Inklusio Fundazioaren ordezkariak ere izan dira. Horiek ere, eskerrak eman dizkiote Lasarte-Oriako Udalari, zazpi urtez jarraian erakutsitako konfiantzagatik, eta emandako laguntzagatik.