San Tomas azoka jendetsua, Oriarte Landaberrin

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 22a, 10:41

Taloa, txistorra eta txerria, San Tomas eguneko trinitatea. Euria ere ohiko osagaia du jai honek, beraz, irtenbidea aurrez prest zuen Ttakun Kultur Elkarteak: Okendotik Oriarte Landaberri eraikineko jolastoki estalia izan zen jaigunea. Euriak euri, jai giroz besterik ez ziren blaitu bertaratu ziren lasarteoriatarrak. Eta ez ziren gutxi izan. 

Alboka abesbatzak, ikasbidaiarako sosak behar dituzten Oriarteko ikasleak eta Ttakun kultur elkarteak lan eskerga izan zuten, ogitarteko, pintxo eta taloak prestatzen atzo arratsaldean. Azken postuan osatu zen ilara luzeena. Arto-irinarekin orea egin eta zerbitzatu arteko giza katea ez zen laburra, baina esku batzuk gehituta ere, etengabe lanean aritu ziren, bereziki, festaren azken txanpan. Haurrek, berriz, euren eskuekin taloa egiten ikasteko eta jateko parada izan zuten. Emandako orea eskuekin zapaldu eta tamaina zein lodiera egokia zuenean, sutan egiteko ematen zuten, eta bueltan, txokolatedun talo goxoa jaso. Jatekoen artean bizkotxoa eta gaztainak ere baziren, edateko, berriz, sagardoa, nagusi. Jostailuak, egurrezko apaingarriak eta puxikak -batzuk argidunak– erosteko aukera ere izan zen. 

Jaigunearen erdigunean, jaiaren protagonista baserritar jantzitako jendez inguraturik egon zen arratsalde osoan. Joxefina zerrama beltzaranak, ordea, patxada ederrean igaro zuen festa, itxituran zeudenen begiradei nahiz sakelako telefonoen kamerei jaramonik egin gabe. Orain altxa, orain etzan, lan gehiegi ez zuen izan. 

Girotu eta inor ez aspertzeko, azokak iraun artean, hainbat emanaldi egin zituzten. Lehenik, Xumela abesbatzak gabon kantekin berotu zuen jaia. Jarraian, iragarrita bazegoen ere, bertsolarien saiorik ez zen izan; haien ordez, erromeria doinuak aurreratu egin zituzten Ttirriki-Ttarrakako kideek. Dantzaldi jendetsua izan zen, poliki-poliki lagun gehiago batzen joan baitzen.

Musika isildu zenean, bingoaren txanda izan zen. Osatzeko zenbaki ugari atera behar izan zituzten, baina denak biltzen zituen txartela Malu Ormazabalek zuen. Pozik jaso zuen irabazitako saskia. Eta jarraian, nahikoa dantza egin ez zutenentzat aukera berri bat. Beste erritmo batean, hori bai. Oaintxe in deu! txarangak jarri zuen doinua, eta gainerakoek, gogoa.