'Zaldi urdina' antzezlana Manuel Lekuonan

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 21a, 16:58

Artedrama, Axut eta Dejabu antzerki taldeek elkarlanean egindako obra da. 

Kultur etxeko eserleku ia denak beteta zeuden atzo arratsaldean euskal antzerki taldeen obra ikusteko. 1980ko hamarkada gogora ekartzen duen arazoa du ardatz Zaldi urdina antzezlanak: droga eta gazteak. Are gehiago, Unai Iturriagak eta Igor Elortzak idatzitako lanak salatu egiten du droga gazteek eskura edukitzean zenbait botere publikoren duten ardura.  

Tekno musika, piztu eta itzaltzen diren argi urdin eta zuriak, jendea dantzan. Gizon batek zerbait hartu, lurrera erori, eta konbultsioen ondoren, etzanda gelditzen da. Poliziak sarekada egingo du eta droga saldu dion gameluaren bila hasiko da. Hala, Aingeruren etxeko atea joko dute. Baina 17 urteko gaztea ez dago han. 

Senideek ez dute sinetsi nahiko droga trapitxeoan dabilela, are gutxiago, lapurretan egin diela nagusiei eta kendutako horren ondorioz, koman dagoela gazte bat. Poliziak bezala, Amets arreba eta Karmen amona Aingeruren bila hasiko dira Simon udaltzainaren laguntzarekin. Poliziek baino lehen aurkitu behar dute, eta azkar, 18 urte betetzear baita. Atzera kontaketa horretan ezkutuan zituzten zenbait bizipen azaleratzen joango dira. 

Hesia, ispilua eta horma nahikoa dira agertoki gainean dauden pertsonaiei kokapen berriak sortzeko.