Beterri Errotuz, irabazi asmorik gabeko laneratze enpresaren lehen pausoak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 24a, 09:00
Beterri Errotuz enpresaren aurkezpena. Arg.: Idoia Telleria (I do Photography lab)

Beterri-Buruntza eskualdeko sei udalek eta Erroak Sortu Gizarteratze Elkarteak parte hartu dute egitasmo horretan

Beterri-Buruntzan hainbat azterketa egin eta gero, egileek ondorio nagusi bat atera dute: eskualdean bizi diren eta baztertze zein arrisku egoeran dauden pertsonak gizarteratuko dituen egitura "egonkor" bat behar dela. Horren emaitza da Beterri Errotuz SLU irabazi asmorik gabeko laneratze enpresa. Beterri-Buruntzako sei udalek –Hernani, Usurbil, Lasarte-Oria, Andoain, Astigarraga eta Urnieta– eta Erroak Sartu Gizarteratze Elkarteak sortu dute, elkarlanean.

Honako zerbitzuak eskaintzen ditu enpresa horrek: landa eta herri guneen garbiketa eta mantenura bideratutako zerbitzuak, ekonomia zirkularra sustatzen duten proiektuak –Sagarberritu, esate baterako– eta komunikazio zerbitzuak. Martxan dago dagoeneko: 2021. urterako aurreikusten dute zortzi langile edukitzea. Horietatik erdiek izan behar dute baztertze edo arrisku egoeran dauden pertsonak; sei hilabete eta hiru urte bitarteko kontratuak egingo zaizkie, gehienez.