Lasarte-Oriako artistekin zubiak eraiki nahi ditu Harresi Guztien Gainetik taldeak: Zubiak eraiki sormenari izenburua jarri diote X. Errezitaldiari. Datorren urteko urtarrilaren 4ean egingo dute emanaldia, larunbatarekin, kultur etxean, 19:30ean. "Hamar urte daramatzagu euskal presoen sormen lanekin Errezitaldia antolatzen; hamar urte itzala eta argiaren arteko zubia eraikitzen".
Eguberrietako egitarauan ekintza gehiago sartu ditu taldeak. Abenduaren 23tik aurrera, euskal presoek herriko haurrentzat idatzitako ipuinak jarriko dituzte herriko hainbat erakusleihotan. Erronkatxo bat prestatu dute: galdera bati erantzuten dioten herritarren artean, hainbat ipuin liburu zozkatuko dituzte.
Musika emanaldia Jalgin
Agendan apuntatzeko beste ekitaldi bat: Giltzapeko ahotsak askatzen kontzertua. Herriko hainbat rock taldek euskal presoek idatzitako poemak musikatuko dituzte. Jalgi Kafe Antzokian egingo dute musika emanaldi hori, abenduaren 27an, ostiralez, 19:00etatik aurrera. Harresi Guztien Gainetik taldeak iragarri du bost euroko laguntza-bonuak jarriko dituela salgai hurrengo egunetan, Eguberrietarako prestatu dituen ekitaldi horiek guztiak diruz laguntzeko.
Bestalde, Kalera ekimenak iragarri du mahaia jarriko duela Okendon larunbatean, hilak 21, 17:00etatik 20:00etara. Abenduak 31n, asteartearekin, manifestazioa egingo du, Okendotik, 19:00etan, euskal presoak etxeratzea eskatuz. Lasarte-Oriako Sarek ere eman du bi zitaren berri. Atera bidera, orain presoak lelopean, abenduaren 28an manifestazioa egingo dute, Donostiako Bulebarretik. 2020ko urtarrilaren 11n, aldiz, Bilbon eta Baionan manifestazio nazionalak egingo dituzte. Autobusak antolatu dituzte hara joateko, 14:30ean eta 14:00etan, hurrenez hurren. "Espetxe politika aldatzeko eskatzen jarraituko dugu 2020an", nabarmendu du Sarek.