Iraia Iparragirre omenduko du San Silvestre lehiaketak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abenduaren 22a

Iaz Txintxarri aldizkaria izan zen omendua.

Lasaterketaren V. edizioa abenduaren 31n jokatuko da, 16:00etatik aurrera. Antolatzaileak boluntario bila dabiltza

Aukera ederra da San Silvestre lasterketan parte hartzea, urtea giro ederrean amaitzeko: kirola, mozorroak eta festa, abenduaren 31n. 16:00etan hasiko da proba.

Goizean kanpaikadak egingo dituzte udaletxean, 12:00etan, Porrotx pailazoaren laguntzaz. 11:30ean hasiko da pintxo-pote solidarioa, Okendon. Izan Iñurri egitasmoko kideek antolatuko dute aurten; beraientzat izango dira irabaziak.

Iraia Iparragirre futbolariari egingo diote aitortza; 1 zenbakidun dortsala emango diote. "Herritarra da eta kirolaria, gure lasterketa bezala. Sekulako urtea egin du", adierazi dute antolatzaileek.

Egitarauko ekintza guztiak behar bezala garatzeko ezinbestekoa da boluntarioen lana. Jende bila dabiltza antolatzaileak: "Urtero lortzen ditugu behar adina laguntzaile, baina aurten kopuruz gaizki gabiltza". Antolatzaileei lagundu nahi dieten herritarrek mezu bat idatzi beharko dute info@sansilvestrelasarteoria.com helbide elektronikora. 

Zabalik dago izen-ematea ere, atari digital honetan: www.kirolprobak.com. Bost euro balio du proban parte hartzeak, eta hamasei urte edo gehiago dituztenak apuntatu ahalko dira. "Internet bidez izena ematea gomendatzen diegu herritarrei".