ABENDUAK 24

Gaur iritsiko dira Olentzero eta Mari Domingi Lasarte-Oriara

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 24a, 09:28

Opariz betetako zakua eskuetan hartuta jaitsiko dira menditik ikazkina eta Mari Domingi. Herrian barrena desfilatuko dute lehenengo, eta haur eta gazteekin elkartuko dira gero, Okendo plazan. Xixuko ahateak eta Porrotxek lagunduta bisitatuko dute herria 

Mari Domingi eta Olentzero menditik noiz jaitsiko zain daude herriko haur eta gazteak. Ez dute askoz gehiago itxaron beharko Eguberrietako lehen goxatua jasotzeko: gaur jaitsiko dira mendi aldetik bi pertsonaia maitagarri horiek. Opariz –eta ikatz apur batez– betetako zakua ekarriko dute, etxeko gazteenen artean banatzeko, eurek lo egin bitartean.

Gaueko lanei ekin aurretik, ordea, agenda estua edukiko dute biek. Urtero legez, Lasarte-Orian barrena desfilatuko dute, Xixuko ahatea, Porrotx pailazoa eta Maritxu-teilatuko lagun dituztela. Ttakun Kultur Elkarteak antolatuko du harrera ekitaldi bero eta goxoa. Loidibarren pilotaleku ondotik aterako dira, 16:45ean. Kuadrilla ederra bilduko da aurten ere: Mari Domingi, Olentzero, Xixuko, Porrotx, Galtzagorriak, arkumetxoak...eta hainbat pertsonaia mitologiko ere bai: Sorginak, Basajaun eta Basandere, Tartalo, Maritxu-teilatuko eta Lamiak. Gazte Klubeko eta Kuadrillategiko kideak mozorrotuko dira pertsonaia horiez. Argi-zuziak ere eramango dituzte.

Eguerdi partean Okendo plazan egongo da Xixuko ahatea, 12:30ean, postontzi batekin, herritarren gutunak jasotzen.

Ekitaldi nagusia, Okendon
Ordubete baino gehiagoz desfilatuko dute abenduaren 24an. Horren ostean, Okendo plazara joango dira, 18:00ak aldera, ekitaldi nagusia egiteko. Galtzagorriek eta arkumeek lagunduko dituzte Olentzero, Mari Domingi, Xixuko, Porrotx eta Maritxu-teilatuko oholtza gainera. Ikazkina eta Mari Domingi prestatu bitartean, beste hiru lagunek emanaldi koloretsua eskainiko dute: musika, dantza, magia, umorea...aspertzeko tarterik ez dute izango ikus-entzuleek. Oholtzara irteten direnean, herritarrekin hitz egingo dute; galdetuko diete ea zer moduz portatu diren.

Plazako oholtzatik jaitsi eta Mercero gune ingurura joango dira gero Mari Domingi, Olentzero eta Xixuko. Herriko neska-mutilen eskutitzak jasoko dituzte han, eta haiekin hitz egiteko tartea ere hartuko dute. 20:00ak arte luzatuko da ekintza. Hori eta gero ez dute atseden hartuko, ordea, mendira igoko direlako berriro, banatu beharreko opariak antolatu, bisitatu behar dituzten etxeen errepasoa egin eta luze joango den gauerako indarrak hartzeko. 
Eguraldi txarra egingo balu, Loidibarrengo pilotalekuan egingo dute ekitaldi hori, antolatzaileek jakinarazi dutenez.

Abenduaren 24a prestatzen

Itxaronaldia horren luzea ez izate aldera, ekintza ugari egin dituzte egunotan herritarrek. Mari Domingi eta Olentzerori egingo dieten harrera prestatzen aritu dira. Amaraun Klubeko eta Gazte Klubeko kideak tailerrak egiten ari dira egunotan, etorrera prestatzeko. Abenduaren 23an izan da azkena, astelehenez, anbulategiko 2. solairuan. 11:00etatik 13:00era bitartean aritu dira ekitaldi berezi hori prestatzen. Taloak nola egin ere ikasi dute, Ttakunenean. Haur zein heldu, primeran pasa dute guztiek, eta dastatu dituzte tentuz eta mimoz egindako jaki horiek.

Txintxarri-k hitz egin du abenduaren 24ko protagonistekin. Lauek esan dute sekulako gogoak dituztela herrira jaitsi eta herriko gaztetxoekin elkartzeko, urtero bezala. Egia da lan asko egiten ari direla dena prest edukitzeko, baina ilusioak gain hartu dio nekeari, beste behin. Herritarrak gonbidatu dituzte ekitaldi horretan parte hartzera; edonork jarrai ditzake karrozak egun horretan. Ttirriki Ttarraka eskolako kideek musikatuko dute desfilea, eta Jalgune Elkarteko lagunek ere parte hartuko dute. 

Sasoeta-Zumaburu eta Landaberriko ikasleak, Xixukorekin
Ezusteko ederrak jaso dituzte Sasoeta-Zumaburu eta Landaberri ikastetxeetako haurrek asteon, klasera joan direnean, astearte eta asteazkenean, hurrenez hurren. Olentzeroren laguntzaile Xixuko ahateak bisitatu ditu bi zentro horiek. Egun gutxi barru etorriko dira herrira ikazkina eta Mari Domingi; horren aurretik, ordea, jakin behar dute zein opari nahi dituzten neska-mutilek. Ahateak eskutitzak banatu dizkie ikasleei, bertan idatz dezaten abenduaren 24an jaso nahi dutena.  

Xixuko ez da esku-hutsik itzuliko Olentzero eta Mari Domingirengana; gaztetxoek egindako marrazkiak bildu ditu bisitak egin bitartean, beraiei emateko gero. Horren ostean, txantxa jolas batean aritu dira, giro ederrean. Berriro ikusiko dute elkar berriro Xixukok eta umeek, abenduaren 24ko desfilean.