Gazteekin sexualitatea "ikuspegi zabal batetik" lantzeko gida

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 23a, 09:00
Arg.: Lasarte-Oriako Udala

Gida oinarri, Udalak urtarrilean hasiko du lanketa herriko gazteekin

Lasarte-Oriako Udalak jakinarazi du Sexuei buruzko galderak gida argitaratu berri duela. "Gazteekin sexualitatea ikuspegi zabal batetik lantzeko tresna bat sortzea beharrezkoa da". Urtarriletik aurrera hasiko dira alor hori jorratzen, DBHko 1. mailako ikasleekin. Sexualitatea eta afektibitatearen inguruan eduki ditzaketen galderei buruz hitz egingo dute.

"Gidak ez du erantzunik ematen; pistak eskainiko dituen lan-tresna izango da", azaldu dute udaletik. "Gazte bakoitzari lagundu nahi dio bere bidea egiten, euren burua eta gainerakoena errespetatuz, beti ere". Gurasoek ere erabili dezaketen tresna dela gaineratu dute, seme-alabekin gai horiei buruz hitz egiteko.

Udalak gogorarazi du bulego bana dauzkala informazio eta aholkularitza sexualerako: gazteentzat bat, Gaztelekuan 
–ostiraletan, 18:00etatik 20:00etara–; eta helduentzat bestea, Emakumeen Zentro Zibikoan 
–aurrez hartu behar da ordua, 943 363 958 telefonoan–.