San Tomas

Oriarte Landaberri eraikinean egingo du Ttakun KEk San Tomas azoka

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 21a, 11:33

Arratsalderako eguraldi-iragarpen txarra tarteko, San Tomas azoka Oriarte Landaberrin egitea erabaki dute antolatzaileek. Egitarauan ez da aldaketarik egongo.

Haur eta helduen gozamenerako ikusgai izango da txerria plaza erdian.

Jatekoa ere egongo da. Taloa, txistorra, sagardoa eta gaztainak dastatzeko aukera izango da Ttakun kultur elkartearen karpan. Etxeko txikiek eurek egindako taloak jan ahalko dituzte talo tailerrari esker. 

Herriko elkarteek ere izango dituzte postuak. Denetariko jaki, edari eta produktuak eskainiko dizkiete herritarrei.

Horrez gain, azoka girotzeko hainbat ekimen izango dira plazan. Institutuko gazteek bingo saioak antolatu dituzte. Xumela abesbatzak Okendon hasita kalejira egingo du erdiguneko kaleetan zehar. Bertsolarien kantua ere entzun ahalko da oholtzan.

Gorputza astintzeko Ttirriki-Ttarrakako kideen erromei doinuak izango dira eta ostean, plaza dantzak. Azkenik, Oaintxe in deu! txarangak kaleak alaituko ditu, iluntzean.