Agustin Valdivia izendatu dute alkate

Iñigo Gonzalez Sarobe 2019ko abe. 20a, 12:16

Ez da ezusterik egon gaur goizeko ezohiko udalbatzarrean: Agustin Valdivia izendatu dute alkate (PSE-EE), Jesus Zaballos alderdikideak iragan astean emandako dimisioa eta gero. "Batera lan egiteko deia egiten diet korporazioa osatzen duten talde politikoei", adierazi du Valdiviak.

"Inoiz ez nuen imajinatuko herriaren alde lan egingo nuenik zinegotzi bezala lehenengo, eta alkate bezala gaurtik aurrera. Eskua luzatzen diet korporazioko kideei, gai izan gaitezen akordiotara iristeko". Agustin Valdivia sozialistaren hitzak dira, Lasarte-Oriako alkate berriarenak. Gaur hartu du kargua, "eskertuta eta pozik", Jesus Zaballosek pasa den astean dimititu eta gero. Alderdikideari eskaini dizkio lehenengo hitzak Valdiviak: "Eskerrik asko, Jesus [Zaballos], egin duzun lanagatik; asko ikasi dut urte guzti hauetan". 

Lagunak eta familia aipatzean hunkitu da alkatea. Emazteari eta seme-alabei honakoa esan die: "Askotan entzun izan dut alkate izatea eta bizitza pertsonala uztartzea ia ezinezkoa dela; goazen erakustera hori ez dela horrela". Lanean "berehala" jartzeko asmoa agertu du, eta eskua luzatu korporazioa osatzen duten alderdiei: "Espero dut gai izango garela akordiotara iristeko". 

Ezustekorik ez da egon bozketan. EH Bilduk Jon Martin aurkeztu du alkategai; Elkarrekin Lasarte-Oria Puedek, berriz, David Ares. Lau eta bozka bat jaso dituzte, hurrenez hurren. Agustin Valdiviak, zortzi. Beste hiruak abstentzioak izan dira. Jesus Zaballosek eman dio aginte-makila Agustin Valdiviari, lekuko aldaketa sinbolizatuz.

Legealdiko erronkak

Kargu-hartzea baliatu du alkate berriak legealdi honetako zenbait erronkari buruz hitz egiteko. Hirigintza arlokoei buruz, esate baterako –Valdivia izan da batzorde horren burua orain arte–; HAPO Hirigintza Antolamendurako Plan Orokorra izan du hizpide. Nabarmendu du udaletxeak herritarrengandik "are gertuago" egon behar duela, eta egiten duen lana "oraindik eta gardenago" islatu behar duela. Alor sozialari dagokionez, emakumeen aurkako indarkerian jarri du fokua: "Genero berdintasuna benetako bihurtu behar dugu". Udalak ekipamenduetan egingo dituen inbertsioak ere jarri ditu mahai gainean; kiroldegi berriaren eta Atsobakar auzoko kirol gunearen proiektuak aipatu ditu. Herriko elkarte eta eragile desberdinei gonbita luzatu die elkarlanean aritzeko, eta udaletxera euren proposamenak eramateko.

Erlazionatuak

Agustin Valdiviaren inbestidura saioa

Txintxarri Aldizkaria 2019 abe 20 Politika