Abenduko zubitik Gabonetako giroa somatzen da Lasarte-Orian. Kaleetako argiztapena, Ama Brigitarren komentuko jaiotza, komertzio eta tabernen apaingarriak edo Udal Musika Eskolako kideen kontzertua Gabonen aurrekari izan dira herrian. Eguberrietako ekimenek, ordea, ez dute etenik izango. Lasarte-Oriako Udalak Bizi Gabonak Lasarte-Orian! osatu du, udalak eta hainbat elkartek eta erakundek antolatutako ekitaldiekin. Kontzertuak, Eguberrietako haur parkea, antzerkia... Lasarte-Oriako haur, gazte, zein helduek egun berezi hauek herrian gozatzeko aukera izango dute.
Lehen ekintza, gaur arratsaldean izango da. Alboka Abesbatzak Gabonetako kontzertua eskainiko du, 20:00etatik aurrera, Ama brigitarren komentuan. eta Gonbidatu gisa, Irungo ahots zurien Nayade abesbatza izango da. Gabon kantuez osatutako egitaraua aurkeztuko dute kaperara hurbiltzen diren entzuleen gozamenerako.
Ez da ekintza musikal bakarra izango. Abenduaren 28an, larunbatez, gospel kontzertua egingo dute Manuel Lekuona kultur etxean. Ariane Nsilulu zortzikoak tradiziozko gospel eta Shîne gospel doinuak ekarriko ditu Lasarte-Oriako aretora. Sarrerak 12 euro balio ditu.
Igandean, berriz, Eguberrietako haur parkeko ateak irekiko dira. Abenduaren 31era arte, haur eta gaztetxoek puzgarri, tailer eta egitarau zabalaz gozatuko dute, 11:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara. Michelin Kirol guneko pilotalekuan, tenis pistetan eta Oriako pilotalekuan egongo da zer egin.
Aurten espazio berri bat ere gehituko zaio parkeari, Zabaletako pilotalekua.
Parkea abenduaren 24an eta 31an arratsaldez eta abenduaren 25ean egun osoz itxita egongo da. Haur eta gazteek doako sarrera dute; helduek, berriz, euro bat ordaindu behar dute.
Urtero elkarte edo erakunde batek kudeatzen ditu sarrerak eta taberna. Aurten Oriarte Instituko gazteak egiteko horretan izango direla jakitera eman du udalak.
Haur antzerkiak ere izango du tartea egun horietan. Abenduaren 26an, Tomax pailazoaren abentura berria ezagutu ahalko dute etxeko txikiek, Espien eguna. Tomax eta Muxik andereño Koro aurkitu beharko dute, bahitu dute eta. Sarrera 3,80 eurokoa da.
Tailerra eta irteera
Ttakun Kultur elkarteko kideen eskutik bihar San Tomas azoka eta abenduaren 24an, Mari Domingi eta Olentzeroren etorrera ekitaldia izango dira, berezi honetako beste orrialdeetan berri ematen dugun bezala.
Beste ekimen batzuk ere antolatu ditu elkarteak 9 eta 12 urte arteko gaztetxoak ez aspertzeko: koaderno tailerra eta Umeen Gabonetako Parkera txangoa, BEC aretora (Bizkaia).
Koadernoak egiten ikasi ahalko dute gaztetxoek. Abenduaren 27an eta 30ean egingo dira saioak 11:00etatik 13:00era, Osasun Zentroko eraikineko bigarren solairuan.
Bestalde, urtarrilaren 3an, BECeko Umeen Gabonetako parkera joango dira. Goizeko 09:30ean aterako da autobusa eta 18:30ean bueltatuko dira Lasarte-Oriara. Antolatzaileek jakitera eman dutenez, haurrek bazkaria eta merienda eraman behar dute.
Ttakun Kultur Elkarteko bazkidek 17 euro ordaindu behar dituzte eta bazkide ez direnek, aldiz, 20 euro.
Tailerreko eta irteerako izena ematea aisia@ttakun.eus helbide elektronikoan, 695 785 392 eta 943 371 448 telefonoetan eta Ttakuneko bulegoan egingo da.
Bestelako ekimenak
Brigitarren komentuko jaiotza ikusgai egongo da Gabonak amaitu arte, baina ez da bakarra izango. Danok Kide elkarteak antolatutako jaiotza lehiaketako lanak eta sarituak ere izango baitute bere lekua. Lan sarituen erakusketa, Muebles Azpeitian egingo da; gainerakoak ikusteko San Pedro elizara jo beharko dute herritarrek. Lehiaketako sari banaketa ere egun hauetan egingo da. Hitzordua abenduaren 28an, 12:00etan izango da elkarteko egoitzan.
Kaleei alaitasuna eman eta herriko komertzioak sustatu aldera, Aterpea elkarteak Gabonetako kanpaina du martxan. Horren barruan, urtarrilaren 4an, larunbatez, 12:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 20:00etara, txu-txu trena izango da herriko kaleetan zehar.
Erregeak Lasarte-Orian
Eguberri garaiari amaiera emateko Errege Magoen kabalgata izango da urtarrilaren 5ean. Egun osoko egitaraua izango da. Goizean, Errege Magoak Atsobakar zahar egoitzeko kideei bisita egingo diete. Bitartean, euren laguntzaileak Okendo plazan izango dira eskutitzak jaso edo eskutitza postontzira sartzen laguntzen. Photocall-a izango da aurtengo berrikuntzetako bat.
Arratsaldean, 16:15ak aldera, Brigitarren komentuko kaperan izango dira Erregeak. Ordu eta laurdenez haurrei harrera egin eta eskutitzak edo marrazkiak jasoko dituzte.
Megaba elkarteak azpimarratu du 17:30ean, puntuan, ateak itxiko direla; 18:15ean, Erregeak eta desfileko parte-hartzaile guztiak Oriatik aterako dira erdialderuntz.
Aurtengo kabalgatan bi berrikuntza nagusi izango direla jakitera eman du Megabak: ibilbide aldaketa eta karroza berria.
Segurtasun kontuak direla eta, elkarteko kideek ibilbidea murriztea erabaki dute. "Udaltzainekin bildu ginen eta bilera asko egin ostean, aldaketak egitea adostu genuen", jakitera eman digute Megabako kideek.
Lehenik, hasiera puntua aldatu dute, Oriako pilotalekuan egingo zaie ongi etorria Erregeei. "Euria egiten badu, leku lehorrean itxaron ahalko dute desfileko kideek".
Oria Etorbidetik Kale Nagusira joango da jarraigoa. Bidean ohiko geldialdiak egingo dituzte, Ama Brigitarren jaiotzean eta komentuan.
Bidea jarraitu eta Tajamar biribilguneraino egingo du. Puntu honetatik aurrera dago beste aldaketa. Desfilea ez da Pablo Mutiozabal, Iñigo de Loiola eta Geltoki kaletik pasako, zuzenean Hipodromo etorbidea hartu eta Mercero plazara egingo du.
Bertan Jesus haurtxoa gurtu eta udaletxeko balkoira aterako dira Errege Magoak haurrei hitz batzuk egiteko. Desfilean berrikuntza bat ere ikusi ahalko dela aurreratu dute. "Ez dakigu denbora emango digun, baina gure asmoa karroza berri bat egotea da. Ahalegin guztiak egiten ari gara eta desfilerako prest izatea espero dugu. Ea dena ongi doan".
Prestakuntzetan daude beraz, Megaba elkarteko kideak eta hori dela eta, abenduaren 26an, 18:00etik 20:00etara bilera egingo du zuzi-eramaile eta parte hartzaileekin jantziak eta azalpenak emateko.
Izena emateko aukera izango da bertan eta aurreinskripzioa ireki dutela ere jakitera eman du Megaba elkarteak. Beraz, kabalgatan parte hartu nahi dute herritarrek, cabalgatalasarteoria@gmail.com helbidera mezu bat igorri behar dute, non euren izena, abizena, adina eta kabalgatako zein postutan parte hartu nahi duten zehaztu behar dute.
Azkenik, aurten batzordeko kideen aldaketa egon dela-eta, aurreko batzordeko kideei eskerrak eman nahi dizkiete urte hauetan egindako lanarengatik. "Lan hau boluntarioa da eta beste elkarteen moduan, zaila da jendea animatzea. Horregatik, eskertzekoa da aurreko batzordeko kideek egindako lan handia. Orain, ikusle bezala euren iritzia eskaini ahalko digute", adierazi dute elkarteko kideek.