Labaka eta Etxeberria, bertsolari txapelketetako bizipenak

Nerea Eizagirre 2019ko abe. 20a, 15:00

Patxi Etxeberria bertsolari berrientzat antolatutako txapelketa bateko irudian. Arg.: Kutxa Fototeka.

Ane Labaka eta Patxi Etxeberria Bertsolariak

Patxi Etxeberria 1979/80 ikasturteko Euskal Herriko txapelketako finalean izan zen eta 2019ko Gipuzkoako txapelketako finalean izan da lehian Ane Labaka

Ane Labakaren (Lasarte-Oria,  1992) eta Patxi Etxeberriaren (Orio, 1930) arteko solasaldia bertsolaritzari buruzko belaunaldi eta lagun arteko mahaingurua izatea espero genuen. Ez da posible izan. Gipuzkoako txapelketa finalaren ostean, Ane Labaka gaixotu da eta egun batzuk egin ditu ohean. Telefonoz erantzun behar izan ditu gure galderak. 

Etxeberriak eta Labakak Lasarte-Oriako bertso eskolan ezagutu zuten elkar. Hamaika bertso saiotan jardun dira elkarrekin. "Oso langilea da, bertsoa maite du, entzuten duen bertsoa ondo jaten du eta ulertzen du eta lan asko egiten du", azpimarratu du Etxeberriak. Labakak, berriz, "nik asko estimatzen dut Patxi eta uste dut asko ikasi dudala bere ondoan. Patxi entzutea garaiko kontuekin eta bertsotan egitea berarekin eremu eta adin hain diferenteetatik kriston oparia da".

Labakak zein Etxeberriak badakite maila goreneko final batean egotea zer den. Etxeberria Euskal Herriko Txapelketako finalean izan zen 1980ko urtarrilaren 6an, Donostiako Karmelo Balda pilotalekuan. Ia 40 urteren ondoren, hiri berdinean, baina beste kokaleku batean, Donostia Arenan izan zen Labaka, Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako finalean, abenduaren 15ean.

1979/80 ikasturteko txapelketa berezia izan zen, Patxik azaldu duenez: "12 urte egon zen txapelketarik egin gabe eta herriak txapelketa eskatzen zuen.Bertsolariak ez gentozen bat antolatzaileekin eta azkenean, Loiolan egindako bilera batean adostu zen txapelketa egitea, baita txapelketara joan nahi zuena aske joatea ere."

Bi sailkapen saio egin ziren orduan eta zortzi bertsolari izan ziren final horretan: Amuriza,  Azpillaga, Enbeita, Etxeberria Garmendia, Gorrotxategi, Larrañaga eta Xanpun. "Bertsolarien maila agian ez zen ona izan asko geratu zirelako joan gabe. Haiek joatea erabaki izan balute, agian gu ez ginake segurasko egongo finalean, baina horrela tokatu zen eta horrela egin zen", aipatu du Etxeberriak.

Hala ere, oso esperientzia ona izan zen Etxeberriarentzat. "Ni gogoratzen naiz etxera etorri eta Ixabel emazteak galdetu zidala 'Zer moduz?', eta nik esan nion 'oso-oso ondo'. 'Izugarri', esan nion. Gustura izan naiz izan den giroarekin eta. Ez galdetu zer egin dudan, baina eguna oso ondo pasa dut".

Bertsolaritzarentzat final hori mugarri izan zela uste du Etxeberriak: Nire ustez txapelketa horrek indar handia izan zuen. Badakizu zer su eman genion. Hurrengo txapelketara denak atera ziren. Eta handik aurrera eromena. Txapelketa, batzuentzat, sakratua da. Hasiera ere eman behar zitzaion eta guk egin genuen. Txondorra piztu genuen guk, eta kristoren indarrarekin dago. Horrek poza ematen dit niri".

Bertso eskolen eragina

Prestaketa aldetik ere gauzak asko aldatu direla azaldu digu Etxeberriak. "Baten batzuk izango ziren txapelketetara gauzak irakurrita joaten zirenak. Baina egunean zortzi, hamar edo hamabi ordu lan egin eta handik aterata, lagun artean bertso batzuk kantatu edo plazaren batean aritzen zinen. Edo lanean zinenean edo ez dakit ba... burua bueltaka izango zenuen. Baina besterik ez zegoen. Gure garaian, hura bai zela inprobisazioa. Joan eta jartzen ziona jartzen ziola zerbait erantzuten zen".

Hala ere, 1979/80 urteko txapelketan aldaketaren lehen pausoak nabarmendu zela adierazi du: "Bizkaitik bi etorri ziren, Amuriza eta Enbeita, eta lehen eta bigarren egin zuten. Garai hartan ez genuen pentsatzen bertsolariak elkartzea. Bizkaitarrak bai, lana egina zuten. Haiek bertso eskola aspalditik zeukaten egina haien artean. Gu harrituta egoten ginen gaia jarri eta nola egoten ziren pentsatzen. Guk ez genuen abilidaderik minutu bat egoteko ere. Ohitura batek kantatu eta bestea erantzutea zen".

Bertso eskolen kimua izan zen hori. Etxeberriak ez zuen horietan sinesten. "Ni eremu honetako ordezkari bezala joan nintzen bilera batera Elgoibarren eta kontu hori hasi zen. Bertso eskola gora eta behera zebiltzan. Nik ez nuen sinesten ere egiten eta  Imanol Lazkanok esan zidan,  'Bai, Patxi, bai. Ikaragarri egiten ditut. Hoik horrela baldin badatoz, guk berehalaxe bastoia hartu eta paseatzera joateko egongo gatzek'. Eta hala izan da". 

Bide luzea

Garapen horren erakusleetako bat da abenduaren 15eko Gipuzkoako txapelketako finala. Bertara iristeko Gipuzkoa bertsotan, Gipuzkoako txapelketako kanporaketak... maiatzetik abendura arteko "maratoi luzea" bizi izan du Labakak. "Finalera iritsi direnetik, bakarra naiz maiatzean hasitakoa", azpimarratu du.

Bidea gainera ez da erraza izan. "Nire txapelketa nahiko gorabeheratsua izan da. Lehenengo fasea justu pasa nuen, gero hurrengoan faseko puntuazio handiena atera nuen, hurrengoan berriz atzera, gero berriro gora… Momentu askotan arriskua ikusi dut hurrengo fasera ez sailkatzeko", adierazi digu.

Finalerdiko lanarekin postu ona lortu zuen sailkapenean, baina azken saiora itxaron behar izan zuen. "Banekien Oiartzunen kantatu eta gero kokapen oso ona nuela, ez neuzkalako hainbeste aurrean eta Tolosako azken saiotik pasa behar nindutelako askok. Bestalde, Tolosakoa azkeneko finalerdikoa izanda, banekien tentsioa handiagoa izango zela eta probablea izango zela puntuazioak behetik joatea. Zeren eta, justu, final-laurdenetan, Azkoitian berdin pasa zitzaidan. Tentsio gehigarri bat egoten da horrelako saioetan. Lagunen bat izango balitz lasai egoteko esango nioke, baina, zu zarenean, beti saiatzen zara prestatzen, kolpe handia ez hartzeko".

Emozioak kudeatu
Finalerako sailkatu eta alde emozionala landu duela onartu digu Labakak. "Maiatzean, txapelketa hasi aurretik, bertso-eskola eta koaderno lan asko egin nuen: irakurri, errimak landu, hausnartu zer esan nahi nuen… horrekin banentorren. Eta finalerako bi aste faltan, jakin nuenean sartzen nintzela, esan nuen: 'Ba hori eginda dago eta alde teknikoa ez dut uste landu behar dudanik. Oinarri bat dut". 

Hala ere, bertso eskola batzuk egin eta bestelako lana egin zuen: "Duela lau urteko irudiak ikusi nituen, Donostia Arenan izan nintzen egun batzuk lehenago nire buruan bisualizatzen saiatzeko. Niri beldur gehiena ematen zidana hori zen, 6.000 pertsonen aurrean ez dut inoiz kantatu. Orduan banekien, gauzak ongi joanda, bertsotan hobeto edo okerrago egin nezakeela, gehiago arduratzen zidan beste aldeak: emozionalki nola egongo nintzen, nerbioei nola egingo nien aurre eta pixka bat horretan saiatu nintzen".

Aurreko astea berezia izan zela adierazi digu Labakak. "Babes keinu pila jaso nituen eta mimoak." 

Egunean bertan, aldiz, emozioek gainezka egin ziotela onartu du: "Kristoren inpresioa egiten du sarrera horrek, pasilo horrek, jende guztia txaloka, bestea zutik. Urduri nengoen eta aldi berean gogotsu eta pozik. Oso aztoratuta eta emozionatuta nengoen".

Eta horrek jardunean eragin zuen. "Kostatu zitzaidan saioan sartzea, gero bukaera alderako ariketekin gusturago geratu nintzen. Behetik gora egin nuela uste dut. Hamarreko txikiarekin eta bakarkakoarekin oso gustura geratu nintzen", adierazi du Labakak.

Beñat Gaztelumendi eta Agin Laburu sailkatu ziren buruz bururako eta Labakak ezustekoa eraman zuen. "Pena pixka bat hartu nuen Alaiarengatik. Egia da atzetik ez garela hain ondo entzuten. Pentsatzen nuen Beñat eta biak izango zirela, gero sorpresa hartu nuen Aginena jakitean. Egia da publikotik ere jende askok esan didala".

Etxeberria ere bat dator horretan, "Nik Alaia buruz burukoan egongo zela uste nuen. Oso ondo egin zuen bertsotan. Bakarka egin zituen hiru bertsoak ere niretzat oso onak ziren".

Gaztelumendik jantzi zuen txapela bigarrengoz eta seigarren izan zen Labaka. Pozik dago egindako lanarekin: "Osotasun batean hartzen dut eta finalarekin eta txapelketarekin oso gustura nago".

Etxeberriak etxetik jarraitu zuen finala eta bere ustez maila ederra izan zen. "Gorabeherak egon ziren. Bertso batzuk baxuagoak, baina bestela orokorrean saio ona izan zela uste dut". Labakak lan ona egin zuela ere azpimarratu du. 

Horrez gain, finalean lau mutil eta lau neska egotea bere garaian pentsaezina zela adierazi du. "Berdintasun hori ederra zen. 84 hasi ziren eta horietatik 8 geratu dira. Lau neska eta mutil. Ez zen gertatu orain arte. Pentsa ezazu, gure garaian, etxe batentzat bajeza bat zen bertsolari izatea. Emakumeak etxean jarduten ziren. Emakumeak horrela azaltzea ere bajeza bat zen. Eta orain zein salto eman den".

Labaka pozik agertzen da finaleko irudi horrengatik: "Bertsokide batek esaten zuen bezala bertsolaritzaren iruditegia aldatzen ari dela pixkanaka. Adibidez, Lasarte-Oriako bertso eskolako ikasleak joan ziren ikustera, eta niretzako kristorena da beraiek ere eredu bezala ikustea hori". 

Baina finala parekidea zela entzutean haserretu zela ere onartu du. "Hau da icebergaren punta, txapelketaren finala eta egia da lau eta lau gaudela, aurreko urtean Bizkaikoan pasa zen bezala. Baina gero joaten zara txapelketaren hasierara eta sailkapen fasean, udaberrian, 84tik 17 bakarrik ginen neskak. Orduan, hausnatu behar dugu pixka bat: 'Bale, neskak daude puntan, baina gero atzean zer pasatzen da?'. Zergatik ez dute parte hartzen emakumeek, zergatik daukate gizonek hainbesteko presentzia… hori kuantitatiboki". 

Gauza gehiago aldatu behar direla ere uste du. "Gero, kualitatiboki, finala parekidea izateko gauza gehiago gertatu behar dira: publikoak nola ikusten gaituen bakoitza, gure artean zein harreman eraikitzen diren… Orduan uste dut, gauza asko aldatu behar direla". 

Arriskua dagoela ere azpimarratu du: "Iruditzen zait arriskua dagoela, jendeak esateko, 'ba lau eta lau eta listo', baina atzean beste gauza asko daude aldatzeko".

Esperimentazioa

Etxeberriak etorkizun oparoa opa dio Labakari eta iragarpen bat egitera ausartu da: "Final gehiagotan egongo den errezeloa badaukat. Pentsatzen dut, Ane Euskal Herriko finalera joango dela, zaila egongo da dagoen mailarekin. Hori opa diot".

Labakak entzutean barre egin du: "Hor pasatzen da aiton-amonekin bezala, Patxi bada agian hirugarren aitona eta uste dut ez dela oso objektiboa, baina eskertzen diot".

Izan ere, oso urruti ikusten baitu Labakak Euskal Herriko txapelketa. "Durangoko azoka, finala… egon naiz eutsi eta eutsi eta gorputzak eman dit abixua. Saioak-eta badauzkat. Agenda betetzen ari zait eta nik printzipioz bertsotan gozatzen jarraitzeko asmoa dut. Egia da txapelketa ez dela gehien gozatzen dugun lekua. Orain plazetan gozatzea eta esperimentatzea, txapelketako zurruntasun horretatik kanpo kantatzea da asmoa. Txapelketan beti dira ariketa konkretu batzuk eta hortik kanpo beti askeago gabiltza. Gogo asko daukat hortik kanpo egoteko. Euskal Herrikoa urrun ikusten dut oraindik".