Poza. Satisfazioa. Edozer lortzea posible dela pentsatzea. Hori guztia sentitu dute Bamboo Dance eskolako junior kategoriako taldekideek berriki, World of Dance txapelketako finalera sailkatu direnean, Bartzelonan. Hip hop estiloan lehiatu dira. AEBetan ospatuko da ekitaldi hori, Los Angeles hirian, datorren urteko abuztuan. Ia 30 dantzarik osatzen dute taldea. Herritarrak dira horietako hiru: Oihana Conde, Eneko Martija eta Aritz Carrasco. Condek 11 urte daramatza dantza egiten. "Eider Rodriguezek Fama a bailar! lehiaketan parte hartu zuen, eta Bamboo Dance ireki gero; niri ikaragarri gustatzen zitzaidan telesail hori, eta jakin nuenean Donostian eskola bat ireki behar zuela, apuntatu egin nintzen". Gustatuko litzaioke egunen batean irakasle izatean: "Nik uste eskolan gabiltzan guztioi gustatuko litzaigukeela egunen batean klaseak ematea; aukera edukiko banu noizbait, gustura egingo nuke lan hori".
World of Dance lehiaketan parte hartu duen taldeko irakasleak Ananda Berasarte eta Jhon Enciso dira. Beraiek landu dute txapelketara aurkeztu duten koreografia, eskolako zuzendari Eider Rodriguezekin batera. "Abesti batzuen zatiak aukeratu ditugu, ongi konbinatzen dutenak", azaldu du Encisok. "Koreografo bakoitzak zati bat egin du: Eiderrek, zoruko dantzak landu ditu; Anandak house estiloa; eta nik, berriz, afroa, ukitu basatiago bat emanez". Txapelketara joan baino bi hilabete lehenago hasi ziren prestatzen koreografia. "Naturari buruzko zenbait ideia transmititu nahi genituen", dio Encisok. Larrialdi klimatikoaren afera pil-pilean dagoen honetan, horri buruz hitz egin dute oholtza gainean. "Dantzarien alor basatia atera nahi genuen".
Oihana Conde, Eneko Martija eta Aritz Carrasco dira herriko dantzariak
Konfiantza, ezinbestekoa
"Sekulako harremana daukagu taldearekin, erabateko konfiantza. Hori nabaritzen da eszenatokian", nabarmendu du Ananda Berasarte irakasleak. "Beti transmititzen diegu dantzariei ideia bera: 'Denok zarete garrantzitsuak, eszenatoki aurrean edo atzean egon'. Eta egia da, denon artean lortu dugulako horren maila ona eman eta txapelketako finalera sailkatzea".
Ordu eta egun asko pasa dituzte koreografia prestatzen. "Nekatuta bukatu dugu, baina merezi izan du", aipatu du Condek. "Lantzen ditugu teknika, koreografiako urratsak, taldekideen arteko koordinazioa...baina baita alor fisikoa ere, adibidez; funtsezkoa da emanaldiko lau minutuak ongi agoantatzea", azpimarratu du Berasartek. "Dantza baino askoz gehiago da". Eskolako zuzendari Eider Rodriguezek gehitu du gorputzaren atalak kontrolatzen ikasteko teknikak ere irakasten dituztela Bamboo Dance eskolan. 2009an ireki zuen, eta 500 bat ikaslek hartzen dituzte klaseak gaur egun.
World of Dance txapelketan lehiatzen ari diren dantzari lasarteoriatarrek hemezortzi, hamazazpi eta hamalau urte dituzte. Ananda Berasarte eta Jhon Enciso irakasleek, berriz, 23 eta 22, hurrenez hurren. Lezio bat ikasi dute txapelketan parte hartu bitartean: euren buruei erakutsi diete "edozer egiteko gai" direla, Encisoren hitzetan. "Sekulako energia eman digu sailkapenak, lanean jarraitzeko". Ongi etorriko zaie grina dosi hori, Eguberrietako emanaldia prestatzen ari direlako. Asteburu honetan ariko dira. Datorren urtean eskainiko dituzte dantza eta koreografia gehiago.
Esan bezala, World of Dance txapelketako finala datorren urteko abuztuan jokatuko da, Los Angelesen. Ekitaldi horretan parte hartzeak ekarriko dizkien gastuak finantzatze aldera, babesle eta laguntza bila ari dira, bigarren postuan geratu eta txartela lortu zutenetik. "Lasarte-Orian ere egingo ditugu ekintzak; kamisetak jarriko ditugu salgai", adierazi du Oihana Condek. "Inskripzioak berak 200 euro inguru balio ditu dantzari bakoitzeko. Gehitu horri bidaia, egonaldiko gastuak...", zehaztu du Berasartek. Dantzarien gurasoak ere hasi dira mugitzen dirua lortzeko. Zorro hori ez dute guztiz bete oraindik, baina bai euren mugak gainditzen jarraitzeko ilusioarena.