Erraustegiaren aurkako manifestazio jendetsua Usurbilen

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abenduaren 16a

Gipuzkoa osotik etorritako herritarrek parte hartu dute manifestazioan. Argazkia: Usurbilgo Udala.

Gipuzkoa osotik etorritako jende ugari elkartu da Usurbilen, lasarteoriatar ugari tartean, bertako udalak deitutako manifestazioan parte hartzeko. 'SOS Usurbiln, erraustegia gelditu' lelopean, herri horretako kaleak zeharkatu dituzte, azpiegitura eta hondakinak kudeatzeko eredu horren aurrean protesta eginez.

Zubietako erraustegia piztu dute, eta hondakinak erretzen ari da honezkero, baina horrek ez ditu itzali azpiegitura eta hondakinak kudeatzeko eredu horren aurka daudenen animoak. Protesta egiten jarraitzen dute, pasa den ostiralean Usurbilen erakutsi bezala. Probintzia mailako deialdia egin zuen Usurbilgo Udalak lehengo astean, eta jende askok egin zuen bat deialdiarekin, baita lasarteoriatar ugarik ere. SOS Usurbil, erraustegia gelditu lelopean, herri horretako kaleak zeharkatu zituzten, eta herriko frontoian elkartu, ekitaldiari amaiera emateko.

Agurtzane Solabarrieta alkateak "eskerrak" eman zizkien manifestaziora bertaratutakoei, eta baita deialdiarekin bat egin zuten Gipuzkoako alkate eta zinegotziei ere –Lasarte-Oriako EH Bilduko kideak han egon ziren, besteak beste–. Gogoratu zuen atez ate biltzen direla hondakinak Usurbilen; %90a biltzen dute gaika. "Herri koxkorrek, hiriek, antzera jokatuko balute, erraustegia ez litzateke beharrezkoa izango, Markel Olano Gipuzkoako Diputatu Nagusiak kontrakoa badio ere". Zaborra kudeatzearen ardura herritarrena eta herri-erakundeena dela azpimarratu zuen, eta birziklatzea "betebeharra" dela. 

Erraustegiaren kostua ere hizpide izan zuen. “Uste dut gutxiegi aipatzen den gaia dela: hautatutako finantziazio bideak gipuzkoarroi 35 urtetan behartzen gaitu gure sosen bidez enpresa pribatuak finantzatzera. 35 urteko morrontza ekonomikora behartzen gaituzte, herrietako hondakinen tasak igoaraziz".