Ane Labaka seigarren izan da Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan; Beñat Gaztelumendik jantzi du txapela

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 11:04

Duela lau urte egin bezala, Beñat Gaztelumendik irabazi du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa. Agin Labururekin batera aritu da buruz burukoan: 940 puntu bilduta, bigarrenez jantzi du txapel hori Gaztelumendik. Ane Labaka herritarrak final txukuna osatu du: seigarren postuan geratu da, 552 punturekin.

Sekulako ikusmina sortu du Gipuzkoako Bertsolari Txapelketako final handiak: 6.000 lagun bildu ziren larunbat arratsaldean Donostia Arenan, sailkatutako zortzi bertsolarien lanaz gozatzeko asmoz. Lasarteoriatarrak izan ziren horietako asko, Ane Labaka herrikidea animatzera joandakoak. Saio txukuna egin zuen herritarrak, eta seigarren postuan sailkatu, 552 punturekin. Agin Laburu, Alaia Martin, Beñat Gaztelumendi –bera izan da txapelduna–, Beñat Lizaso, Jon Maia, Nerea Elustondo eta Oihana Iguaran ere aritu ziren.

Lehenengo fasearen ostean, Agin Laburu eta Beñat Gaztelumendi sailkatu ziren buruz burukora. Finago aritu zen añorgatarra, eta, 2015ean bezala, berak jantzi du txapela aurten ere. Xabier Gaztelumendi aitak jantzi zion. Agurreko bertsoa amari eskaini zion txapeldunak:

"Bertso eskola bukatzean

nor egoten zen gure zain

gaixo geundenean nor zen

min denak goxatzeko gai;

guk festa egin genezan

nork ez zuen egiten jai

eta nork eraman gintuen

sabel barruan bi anai.

Nahiz eta igual ez zenuen

gaur protagonismorik nahi

ama hau zuri eskaini gabe

ez nengoke lasai

Xabierren semea naiz

ta Pilirena ere bai"

Gai emaile eta aurkezle lanetan Ion Zaldua Brit eta Itziar Etxezarreta Arakistain aritu ziren. Epaimahaia, aldiz, hurrengoek osatu zuten: Amaia Otxotorena Gamio, Eneritz Azkue Basurko, Maite Sukia Olano, Mikel Beloki Urkizu, Mikel Lersundi Ayestaran eta Zigor Leunda Eizmendik. Idazkari lanetan, berriz, Joxemari Altuna Berridi, Silvia Etxaniz Alberdi eta Gorka Segurola Dorronsoro aritu ziren.