Alkatearen kargu-uztea onartuta, ostiralean hartuko du lekukoa Agustin Valdivia alderdikideak

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 16a, 11:56

Ezohiko saioa egin du gaur goizean udal korporazioak. Gai bakarra jorratu dute: orain arte herriko alkate izandako Jesus Zaballosen (PSE-EE) kargu-uztea. Hori onartuta, berriz elkartuko dira ostiral honetan; Agustin Valdivia alderdikidearen inbestidura saioa egingo dute, 10:30etik aurrera.

Joan den ostegunean eman zuen dimisioa Jesus Zaballos alkateak (PSE-EE). Ezohiko saioa egin du gaur udal korporazioak, kargu-uzte hori onartzeko eta erreleboa nork hartuko duen iragartzeko: Agustin Valdivia alderdikideak ordezkatuko du Zaballos. Ostiral goizean egingo dute inbestidura saioa, pleno aretoan, 10:30ean.

Lehengo astean egin bezala, eskerrak eman dizkie orain arte alkate izandakoak batzuei eta besteei: udal gobernuan lankide izan dituenei, PSE-EE alderdiari, oposizioari, familiari, lagunei, eta abar. "Ongi egindakoa gogoan hartzeko eskatzen dizuet, nik hala egingo dut eta. Era berean, barkatu, noizbait zerbait gaizki egin badut". Jarduneko alkate Lourdes Acevedori eman dio hitza segidan. "Gaur alkate bat galtzen dugu, baina lagun oso on bat mantendu; eskerrik asko egindako guztiagatik, Jesus", adierazi du Acevedok. Txalo artean agurtu dute Zaballos udal korporazioko kideek eta gaur pleno aretoan bildutako pertsonek. Bukaeran, PSE-EE alderdiko hainbat kiderekin familia argazkia atera du alkate ohiak.

Oposizioko alderdien hitzak

Jesus Zaballosen dimisioaren harira, oposizioko zenbait alderdik oharrak eta mezuak kaleratu dituzte egunotan. EAJk eskerrak eman dizkio alkate ohiari, orain arte egindako lanagatik eta alderdi jeltzalearekin izandako tratuagatik. Jon Antxordoki bozeramailearen hitzetan, "herriaren alde lan egin du beti" Jesus Zaballosek. "Eskertzekoa da hori, nahiz eta politikoki desberdinak garen alor askotan". Etorkizunera begira "onena" opa dio: "Gure taldetik pertsonalki eskertu nahi dugu Jesus Zaballos jaunari izan dugun harremana, azken urte hauetan landu duguna, akordio eta desadostasunetan, baina elkarrekiko errespetuan oinarritua". Ostiralean eratuko den udal gobernu berriari eskatzen dio prest egoteko "eskuak zabalik" lan egiten jarraitzeko, "datozen hilabete eta urteetan etorriko diren erronkei heltzeko".

EH Bilduk sare sozialak erabili ditu Zaballosi "zorterik onena" opa eta Agustin Valdiviari ongi-etorria emateko.