ELKARRIZKETA

Martxelo Otamendi: "Adierazpenetatik kanpo, independentzia zenbaitek nahi duten jakin behar da"

Maddi Zaldua 2019ko abe. 13a, 10:45

Lasarte-Oriako Gure Esku Dagok  gonbidatuta, solasaldia izango da larunbatean, goizeko 10:30ean Martxelo Otamendirekin. Mercero aretoan izango da hitzordua, eta Kataluniako prozesua eta Euskal Herriko bideaz arituko dira, Maider Galardik gidatuko saioan

Erabakitzeko eskubidearen bidean, lan nekaezina egiten ari da Gure Esku Dago. Herri plataforma martxan jarri zutenetik egin duten borondatezko lanak ez du etenik, eta datorren urterako ere, erronka berriei aurre egiteko prest dira. Euskal Herriaren etorkizuna, erreferendum baten bidez erabakitzeko asmoa jarri dute mahai gainean, eta hori egikaritzeko lanetan ari dira orain. Hori horrela, zenbait egitasmo jarriko dituzte martxan urte berria hastearekin batera. Euskal Herriko bideak, ordea, Kataluniakoa du bidelagun. Hain zuzen ere, urriaren 1eko erreferendumaz, Kataluniako prozesuaz eta Euskal Herriko bideaz hitz egiteko, solasaldia antolatu du Lasarte-Oriako GEDek, eta Martxelo Otamendi (Tolosa, 1957) gonbidatu du hizlari gisa. Bihar izango da solasaldia, larunbatez, 10:30ean, Mercero aretoan. Hitzordu hori baliatuz, elkarrizketa egin dio  Txintxarri-k.

Lan txukuna egiten ari da Gure Esku  Dago erabakitzeko eskubidearen bidean. Urte berrirako ere badute erronka handia: erreferenduma. 
Konplikatua ikusten dut. Gu herri txiki bat gara, eta  independentziaren gaia ez dago agenda politikoan eta hori sartu beharra dago. Dena den, oso interesantea da GEDk martxan jarriko duen egitasmoa; gauzak ez dira jakiten nola funtzionatuko duten martxan jarri arte. Orain, bidelagunak topatu behar dira. Denborarekin, segun eta zein lan egiten den, gerta liteke ondo funtzionatzea eta ondo ateratzea. Gauzak saiatuta lortzen dira, saiatu gabe nekez lor daiteke ezer.

Momentura arte, estatutu politiko berriaren lanketan, ez da erabakitzeko eskubidearen inguruko formulazio bateraturik lortu. Badu zentzurik lanketa horretan aritzea, erabakitzeko eskubideari tarterik egin gabe? 
Segun eta alderdi bakoitzak zein iritzi duen bai. Independentzia zaleak, erabakitzeko eskubidearen aldekoak ere ez dakit gehiengoa diren. Alderdi sozialista ez dago horretan, ezta PP ere. Herri honetan badago adierazpeneko independentzia zaletasun bat, independentzia zale dena adierazpenetan bakarrik. 

Katalunian erabakitzeko eskubidea jarri zuten martxan eta gero, nahiko azkar pasa ziren independentziara. Hasierako irizpidea erabakitzeko eskubidea zen, eta %80ak bozkatu zuen horren alde, baita alderdi sozialistak ere. 

Herri honetan, independentziari dagokionez zerrenda bat egin behar dela uste dut; adierazpenetatik harago, independentzia, benetan, zenbatek nahi duten jakiteko. Gero, emaitza horiek ikusita, aztertu beharko da zer egiteko prest dauden, zenbat diren, zenbateko lana egin nahi duten, eta abar. Independentzia nahi ez duen independentismo bat sortzen ari da.

Nola bideratu daiteke desadostasun hau guztia? Zer eskatu behar zaie alderdiei korapiloa askatzen has daitezen? 
Akordioa ezinezkoa da Euskal Herrian. Alderdi Sozialistak ez du erabakitzeko eskubidea onartuko, eta, aldi berean, EH Bilduk ez dio independentzia lortzeari uko egingo. Horregatik,  argitasun irizpide batzuk izatea eskatu behar zaie. Adostasunik ez dagoenez, arauen bidez konpondu daiteke desadostasuna, hau da, bozka emanaz. Horrela, agian, askatu daiteke korapiloa.  Aurrez zehaztutako baldintza batzuk bete beharko ditu bozketak: jende kopuru jakin batek parte hartu behar du; aldeko botoek ehuneko zehatz bat gainditu behar dute, e.a. Horrek guztiak aurrez zehaztua behar du izan.

Horrela egiten da herrialde askotan, horretarako daude erreferendumak. Herri batzuetan badago galdeketak egiteko kultura;  Suitzan etengabe ari dira galdeketak eta erreferendumak egiten. Hemen gauza bera egin daiteke.

EAEko hauteskunde kanpainaurrerako aitzakia gisa erabiltzen ari dira erabakitzeko eskubidearen gaia. Interesak egon daitezke gaia korapilatzen jarraitzeko.
Alderdi guztiek daukate oportunismo puntu bat. Batzuek bere irudi propioa indartzeko, eta beste batzuek, aldiz,  parekoaren irudia desgastatzeko edo ahultzeko. Seguraski, Gasteizko Legebiltzarrerako hurrengo hauteskundeetan, erabakitzeko eskubidea eta autogobernua alderdi abertzaleen artean elkar kritikatzeko puntu izango da. 

Zein momentutan aurkitzen da Euskal Herria erreferendum bat aurrera eramateko?
GEDk egingo duen erreferenduma orientatiboa izango da, jendeak muskulua egiteko ariketa bat. Katalunian erreferendumaren ariketa egin dute, eta horren helburua jendeak ariketa simulakroa egitea izan da, egun batean etor liteken  erreferendum baterako. GEDk planteatzen duena, nahiz eta orientatiboa izan, oso interesgarria izango da; gauzak egin behar dira izan dezaketen erantzun maila jakiteko. 

Balioko du bakoitza zertan ari den ikusteko, zeintzuk bultzatzen duten, zeintzuk deitzen dioten bere jendeari botoa ematera joan daitezen. Dena den, legala izango den erreferendum batetik urruti gaude, bai gu eta bai Katalunia ere.

Alderatu daitezke Kataluniako eta Euskal Herriko bideak?
Katalunian, gizartearen talde handi batek oso barneratua du independentziaren eta estatu baten beharra; %47 aren bueltan dabil kopuru hori. Konbentzitzen, ikasten, autodeterminazioaren gimnasian daramatzate azken hamar urteak. Askotan joan dira gimnasio horretan praktikatzera, eta dagoeneko gihar independentista egin dute;  fisikoki eta mentalki oso prestatuta daude, indar handiarekin. Alde nagusia hori da; Katalanek duela hamar urte hasi zuten prozesu hori, jende askok parte hartu du, eta ariketa asko egin dituzte autodeterminazioaren erreferendum horretan. Horren ostean iritsi zen urriaren 1eko erreferenduma. 

GEDk herri galdeketekin egin du ariketa polit bat, jende askorentzat oso egitasmo interesgarria izan zena. Ordura arte elkarrekin lan egin gabeko jendea bildu zen, elkarrekin egin dute lan, sortu dira lanerako gogoak, sinergiak eta konfiantzak eta horren haritik, erreferenduma planteatzen ari dira orain. 
Horrez gain, bi herrien arteko harreman ona ere kontuan hartu behar da. Badago historikoa den elkartasun harreman bat bien artean, ikustea besterik ez dago, Kataluniaren prozesuaren aldeko manifestazioak Euskal Herrian ere egin dira, eta Katalunian manifestazio handiak izan direnean, bertara joan diren talderik handienak, Katalanak kenduta, euskaldunak izan dira. Hori bi herrien arteko urte askotako harreman onaren ondorioa da, eta hori oso garrantzitsua da. 

Konstituzioa aldatzeak aldatuko luke Kataluniaren egoera?
Ez dut uste konstituzioak aldaketarik ekarriko duenik, Espainian ez dute Konstituzioa aldatuko erabakitzeko eskubidea barne hartuz. Bi heren behar dira, eta Espainian ez dago sentsore politiko bat hori lortzeko. Hori kontuan hartuta, iruditzen zait, kataluniarrek daukaten %47a  igotzea dela bide bakarra, oinarria zabaltzea. Ikusi dugu, portzentaje horrekin zein urriaren 1eko errepresioarekin, kartzela zigorrekin eta erbestearekin ez dela nahikoa izan Europak esku hartzeko; ez die kasurik egin, ez behintzat beraiek espero zuten moduan. Ehuneko hori handitzeak  behartuko du Europa, orain arte eduki ez duen jarrera bat edukitzera; Espainiari presioa sartzera. 

Kataluniako buruzagien epaiketa eta gero hauteskundeak deituko zituztela uste zen. Ez da deialdirik egon, ordea.
Kataluniako buruzagien atxiloketen ostean, lehendakariak eta lehendakariordeak esan zuten gobernu horrek sententzia iritsi bitartean iraungo zuela. Sententzia, ordea, iritsi da, eta gobernuak hor jarraitzen du. Zergaitik hori? Ba PDeCATek [Partido Democratico Europeo Catalan] kalkulatzen duelako, orain hauteskundeak deituz gero, Esquerra Republicana de Catalunyak irabaziko lituzkeela, eta, hortaz, alderdi horrek hartuko lukeela gobernuaren gidaritza, PDeCATtek galduz. Hori da nahi ez duena azken horrek, eta horregatik ez dituzte hauteskundeak deitzen. Gainera,  Esquerrak,  gobernuan dagoen arren, ez du fase horretan sartu nahi. Izan ere, duela hilabete batzuk Katalunian oso giro nahasia zegoen. Manifestazio asko, istilu asko, eta gobernu berri bat osatuko balitz, hau da, Esquerrak hartuko balu lehendakaritza, PDeCATtek  barne sailaren kargu egitea eskatuko lioke, eta hemendik aurrerako polizien kolpeen ardura euren gain geratuko litzateke. Horregatik, Kataluniako egoera nola geratuko den argitu arte, ez zaie komeni hauteskundeak aurreratzea. 

Torraren sententziaren berri ere eman behar dute; gaitasunik gabe uzten badute, beste presidente bat jarri beharko dute.

Urriaren 1eko mugimenduan, aktibazio sozial handia piztu da Katalunian.  Tsunami Demokratikoak gainera,  Kataluniako mugak gainditu ditu eta Euskal Herrira ere iritsi da. Orain, gainera, euskal errepublikaren aldeko Ehun herri mugimendua ere sortu da. Aktibatua ikusten al duzu euskal gizartea?
Sektore abertzalean bai. Zati handi batek gauzak egiteko asmo eta gogoa badu, eta Kataluniako prozesua aktibo dagoela ere aprobetxatu nahi da bi prozesuak bateratzeko.
Adibide bat jarriko dut: tenisean oso ona bazara,biren aurka jokatu dezakezu, baina pilota bakarrarekin. Oso zaila da bi pilotekin jokatzea. Hemen gertatzen ari da Kataluniako eta Euskal Herriko prozesuen bateratze bat denboran, eta horrela arazo handiagoa sortzen zaio Madrili. Gero gainera, Europa ere gehixeago behartzen duzu Espainia estutzera. Arazo nazionalak dira, eta Europak eskatu diezaioke Espainiari arazo horiei ahalik eta azkarren aurre hartzea. Euskal Herrian bi prozesuak sinkronizatzea nahiko lukeen jendea badago, eta eskatzen ari dira beste urrats sendoago batzuk.