04:00. Antton txikia negarrez esnatzen da. Mirari amak argia piztu, besoetan hartu, titian jarri eta hortxe geratzen dira berriro sehaskan utzi arte. Goizeko seietan berdin.

07:00. Pilar amona esnatu da zaharren egoitzan. Bost aldiz deitu eta gero, azkenean, etorri da Maite. Gaur komunera joateko zortea izan du, bestela, pardela aldatzera. Gaur, atzo bezala, ez da dutxarik tokatzen. Oihal batekin garbituko du Maitek. 

08:00. Gosariaren ordua. Eguneko momentu onena Pilarrentzat, kafea da dezentekoa dagoen janari bakarra.

09:00. Umeak ikastolan eta haurreskolan uzteko garaia Mirarirentzat. Lanera doa. 14:00etan jasoko du txikia, egun erdiko lana egin ondoren. Zaharrena, jangelan geratuko da.

12:30. Bazkalordua Pilarrentzat. Purea eta arraina. Beste behin plateraren hondoa ikusi gabe geratu da… 

16:30. Aneren bila ikastolara joateko unea. Irrikitan dago Mirari, ez baitu egun osoan ikusterik izan. Besarkada batekin agurtu du. 

18:00. Bihar semea etorriko zaio bisitan Pilarri. Egun osoan ez du Maiterekin lasai hitz egiterik izan. Beti bezala oso lanpetuta ibili da. Gaurkoan, konpainiarik gabe geratu da… 

19:00. Antton eta Ane baineran daude Mirarik afaria prestatzen duen bitartean. Gaur ez dago jolasteko astirik, afaldu eta ohera.

21:00. Antton, Ane eta Pilar ohean daude. Mirari eta Maite jota daude. Bihar beste egun bat izango da. Edo hala ez balitz? Maite grebarako prest dago, berarengatik eta Pilarrengatik. Eta Mirarik ere egingo balu? Eta biek bezala beste milioika emakumek?

Zaintzarik eta zaintzailerik gabe mundua geratuko litzateke. Zaintza denon ardura da.