2020. urteko aurrekontuetan herritarren proposamenek ere izango dute bere lekua

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 13a, 09:00
Agustin Valdivia alkate ordea eta Nagore Duran parte-hartze zinegotzia prozesuko eskuorriekin.

Udalak 500.000 euro bideratuko ditu 2020 urteko aurrekontuetan herritarren proiektuetarako. Abenduaren 16tik 26ra aurkeztu daitezke proposamenak

Duela lau urte, Lasarte-Oriako Udalak aurrekontuak egiterakoan herritarren proposamenak bildu zituen lehengoz. 2020 urtean ere herritarren proiektuek tarte bat izango dute aurrekontuetan. Hori dela eta, Agustin Valdivia alkate ordeak eta parte-hartzeko zinegotzi Nagore Duranek parte hartzeko aurrekontuen prozesuko zatiak azaldu dituzte.

Lehen fasean, abenduaren 16tik 26ra, herritarren proposamenak jasoko dira udal erregistroan edo partehartzea@lasarte-oria.eus helbidean. Proposamena memoria txiki batez lagundua joango da. Aurten baldintza berri bat ezarri dute: udaletik dirulaguntzak jasotzen dituzten entitateek ez dute laguntzarik jasoko.

Proiektu guztiak teknikoki aztertzeko tartea izango da, ostean.  Pertsonal teknikoz eta talde politiko guztietako ordezkariek osatutako batzorde batek egingo du balorazioa. 25 puntu edo gehiago lortzen dituzten proiektuek aurrera egingo, beti ere, guztira 500.000 eurotik beherako kostua badute. 

Kostua handiagoa bada, herri-kontsulta egingo da. Parte-hartze orrien bidez eta online webgunearen bidez erabaki ahalko dute herritarrek gehien gustuko duten proposamena. Babes handiena duenari 50 puntu emango zaio eta gainerako proiektuei bozketen ehunekoaren arabera banatuko zaizkie puntuak.

Azkenik, Udaleko balorazio eta adjudikazio batzordeak puntuazioak jakitera emango ditu eta proiektuak handienetik txikienera sailkatuko ditu. 500.000 euroen barruan sartzen diren proiektuak bakarrik gauzatuko dira.

Etxeetara iritsiko den eskuorri batean emango zaie prozesuaren berri herritarrei. Udalaren webgunean ere eskuratu ahalko da informazioa.