Jesus Zaballos alkateak dimisioa eman du, "arrazoi pertsonalengatik"

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abe. 12a, 10:58

Ostegun goizean eman du erabakiaren berri, udaletxeko udalbatzar aretoan. Hamahiru urtez aritu da lanean udaletxean. Agustin Valdivia alderdikideak hartuko du kargua. Udalbatzarrak onartzen badu Zaballosen kargu-uztea, abenduaren 20an egingo dute inbestidura saioa, ostiralarekin.

Hilabete batzuk kargutik aldenduta igaro ostean, alkatetzari uko egin diola iragarri du Jesus Zaballosek, ostegun goizean. Arrazoi pertsonalek bultzatuta  hartutako erabakia izan dela jakinarazi du: "Behar adina hausnartu ostean, alkate kargua eta bizitza publikoa uzteko erabakia hartu dut; bizitzaren etapa berri bati hasiera emateko ordua iritsi da". 

Harrotasunez gogoratu du udaletxean egindako ibilbide luzea, eta ostegun goizeko hitzordua baliatu du udalean pasa dituen 13 urteetan bidelagun izan dituenei eskerrak emateko; erdara hutsean egin du agerraldia. Alderdikideak izan ditu bereziki gogoan: "Beraiek gabe, ezinezkoa litzateke nire lana". Lasarte-Oriako sozialistei ere alkate izateko aukera eman izana eskertu die Zaballosek: "eskerrik asko nigan jarritako konfiantzagatik". Horrekin batera, udaletxeko karguetan pasa dituen urte guztietan udal gobernu taldea osatu duten langile guztiak ere ekarri ditu gogora. Ez ditu herritarrak ahaztu, noski, eta Lasarte-Oriako elkarteei bezalaxe, eskerrak eman dizkie horiei ere. Eta nola ez, senide eta lagunei ere esker hitzak helarazi dizkie agur ekitaldian. Barkamenak eskatzeko tartea ere hartu du: "Inoiz, ezertan huts egin edo hanka sartu badut, barkamena eskatzen dizuet". 

PSE-EEko bi alderdikidek lagunduta eman du prentsaurrekoa Zaballosek; jarduneko alkate Lourdes Acevedo eta Hirigintza eta Lanak arloko buru den Agustin Valdivia izan ditu ondoan. Bide batez, alkate karguan azken horrek ordezkatuko duela aurreratu du. Horrela, datorren astelehenerako deituko duten ezohiko udalbatzarraren bidez emango da Jesus Zaballosen kargu uztea, eta onartuz gero, ostiralean, abenduaren 20an beste udalbatzar bat egingo dute, Valdiviaren kargu hartze berrirako.