Zudaire dominak, teknifikazio saioak eta hautagaitzak pilatzen doa

Txintxarri Aldizkaria 2019ko abenduaren 11

Nahia Zudaire 'Castalia Castellón' trofeoan lortutako dominarekin. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Nahia Zudaire Espainiako selekzioarekin lanean izan zen zubian. Castalia Castellón trofeoan ere lehiatu zen eta brontzezko domina eskuratu zuen. 2019ko Gipuzkoako Kirol sarietarako hautagai ere izan da gaztea eta denboraldi osoan zehar, Gipuzkoako Igeriketa Teknifikazio gunean lan egingo du. Nora Imaz eta Aintzane Sarobe igerilariek ere teknifikazio saioetan parte hartuko dute

Aurreko asteetan gaixo egon arren, Nahia Zudairek kirolari bikaina dela erakutsi zuen XVI. Castalia Castellón trofeoan. Bere marketatik gertu ibili zen eta brontzezko domina eskuratu zuen 50 m. libreko proban.

Zudairek Etorkizuneko Paralinpiarren AXA taldeko egonaldia izan zuen zubian.Abenduaren 4an eta 5ean, lan saioak izan zituzten igerilariek. Abenduaren 6tik 9ra, berriz, XVI. Castalia Castellón trofeoan lehiatu ziren. Zudairek lau probatan parte hartu zuen eta lauetako finaletan izan zen borrokan. "Txapelketan txukun aritu da," adierazi du Borja Apeztegia prestatzaileak.

Lehen finala 100 m. libre probakoa izan zen larunbatean, abenduaren 7an. Zudairek 1:13,06 egin zuen eta bosgarren sailkatu zen.

Hiru finalei aurre egin behar izan zien, igandean, abenduaren 8an. 50 m. libre proban podiumera igo zen, 34,67 denborarekin hirugarren sailkatu zen eta.

Dominatik gertu izan zen 100 m. tximeleta proban laugarren sailkatuz eta 100 m. bizkar proban bederatzigarren izan zen. Nahiz eta azken proba honetan lehenen artean ez egon, Zudairek Buruntzaldea IKTko S8 mailako marka ondu zuen. 

Teknifikazioa

Zudairek ez du atsedenik izango Gipuzkoako Igeriketa Teknifikazio gunean saioak egiteko deialdia jaso baitu. Ez da Donostiako Paco Yoldi kiroldegian egingo diren saioetan Buruntzaldea IKTko igerilari bakarra izango, Aintzane Sarobek eta Nora Imazek ere parte hartuko baitute.

Imaz teknifikazio gunean izan dadagoeneko. Abenduaren 7an izan zuen infantil mailako lehen saioa, Paco Yoldi kiroldegian. Lehorrean, zein urtean lan egin zuten gazteek eta beste bost saio egingo dituzte.

Sarobek eta Zudairek gaur eta bihar izango dituzte lehen entrenamenduak. Denboraldi osoan zehar, ostirala eta larunbatetan, junior eta absolutu mailako igerilariekin batera egingo dute lan.

Kirol sariak

Baina ez dira guztiak txapelketa edo entrenamenduak, beste motako deialdia ere jaso du Zudairek urte bukaera honetan, Gipuzkoako Kirol sarietarako hautagaitza.

Gipuzkoarren sarian lehiatu da Zudaire. Berarekin batera, kirol disziplina anitzetako kirolariak izan ziren hautatuak.Azaroaren 25era arte, gipuzkoarrek bozkatu ahal izan dute saria eta Tolosa CF Gimnasia Erritmikoa taldeak eskuratu du. 

Abenduaren 4an, Tabakaleran izan zen Kirol Galan banatu zen saria. Gipuzkoa Kirola Saria, berriz, Real Sociedad taldeko emakume eta izotz hockeyko Txuri Urdin gizonezkoen taldeek eskuratu zuten.

Prestakuntzarekin aurrera

Zudaireren mailara iristeko ametsetan daude Buruntzaldea IKTko igerilari gazteak eta horretarako lan eta lan dabiltza. Azaroaren 30ean, Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan, alebin mailako 3. jardunaldian haien balioa erakusteko aukera izan zuten.

Taldeko hamabost gaztetxo 200 m.libre eta 100 m. tximeleta probetan parte hartu zuten eta lehen postuetan egon ziren, euren markak onduz.
4x100 m. estilo libreko erreleboa ere izan zuten eta mutilek hirugarren postuan amaitu zuten lehia.

Alebinek lau jardunaldi gehiago egingo dituzte eta Gabonetan oraindik zehaztu gabeko txapelketaren batean lehiatuko direla aurreratu du Buruntzaldea IKTko arduradun Apeztegiak.

Ez da hori Buruntzaldea IKTko igerilarien urteko azken lehiaketa izango. Asteburu honetan, esate baterako, infantil, junior eta absolutu mailako kideek Neguko Ligako laugarren jardunaldia eta Irun Hiria Saria izango dituzte; masterrek, berriz, Gipuzkoako txapelketa.